Opera ikustera joateko irteera antolatu du Lekeitioko Udalak
Urriaren 26an 'Don Pasquale' opera ikustera joan nahi dutenek izena eman beharko dute urriaren 19a baino lehen.
Urriaren 26an, Abao Bilbao Opera ikustera joateko irteera egingo dute Lekeitiotik; Bilboko operak bosgarren aldiz antzeztuko du Don Pasquale opera. Hala, Abaok eta Lekeitioko Udalak duten elkarlanari esker, Bilboko opera “prezio berezian” ikusteko aukera egongo da. Opera ikustera joan nahi dutenek urriaren 19a baino lehen eman beharko dute izena, Lekeitioko kultur etxean, arratsaldez. 52 euro balio du eta sarreragaz batera garraioa dago prezioaren barnean; 17:00etan irtengo da autobusa Mandaskako autobus geltokitik.
Bertaratzeko aukera dutenek “opera bufo italiar bikainen arteko azkena” ikusiko dute oholtzan. Tramaren ardatz nagusi bat dauka: gizarte-ohiturak kritikatzea. Hori, lau pertsonaiaren bitartez bizi ahalko da, “enredozko komediaren” bitartez. Adituek adierazi dutenez, komedia “bikaina” da, “ondo egituratua eta sentimenduz betea”: “Eszena bufoak eta lirikoak, bitxiak eta samurrak, larriak eta maitagarriak aria, duo eta taldean abestutako pasarteen konbinazio dotoreekin konbinatzen dira”.
Musika, berriz, Sesto Quatriniren eskuetan egongo da; bere debuta izango da Euskadiko Orkestraren buru moduan, eta Gaetano Donizettiren partiturak zuzenduko ditu.