Barikuan emango diote hasiera V. Musika Haizeak kontzertu zikloari
Barikuan [urriak 18] Maddi Txurruka eta Mikel Ansolaren kontzertua egongo da, 19:30ean, Xemeingo Elizan.
2019an lehenengoz antolatu zutenetik, hainbat kontzertu eskaini dituzte Musika Haizeak kontzertu zikloan. Maddi Txurruka eta Mikel Ansola musikarien ekimenez sortutako kontzertu zikloaren bosgarren aldia ospatuko dute aurten. Urtea amaitu bitarte, hilero kontzertu batekin gozatzeko aukera egongo da: urriaren 18an eta 26an, azaroaren 30ean eta abenduaren 28an eskainiko dituzteko kontzertuak.
Txurrukak eta Ansolak jakinarazi dutenez, aurtengoa kontzertu bakarlarietan oinarrituko da, bikote formatuan. Lehenengo kontzertua antolatzaileek eskainiko dute, Txurrukak eta Ansolak, hain zuzen ere. Barikuan [urriak 18], 19:30ean, tronpeta eta organo kontzertua eskainiko dute, Xemeingo Elizan, doan. Besteak beste, Johann Sebastian Bach eta Georg Philipp Telemann moduko musikarien errepertorioa eskainiko dute.
Txurruka sei urte zituela hasi zen Markina-Xemeingo bandan musika ikasten, eta ordutik ibilbide oparoa egin du tronpeta jotzaileak. 2005ean Portugaleteko udal musika banda profesionalean tronpetako bekadun plaza atera zuenean eman zion hasiera bere ibilbide profesionalari; gaur egun musika konposizioko ikasketak egiten ari da, musika interpretazioan aktiboki jarraitzen duen bitartean.
Ansolak ere txikitatik landu du musikarako duen gaitasuna. Markina-Xemeingo eta Ondarroako musika eskolan eman zituen bere lehenengo pausuak, eta beste hainbat eskola tarteko, 2018an Musikenen goi mailako ikasketak hasi zituen. Ansolak ikasten jarraitzen duen arren, musika interpretazioan ere lanean dihardu: hainbat kontzertu eskaintzen ditu Espainian eta Alemanian. Era berean, 2021eko urritik Stuttgarteko Petruskirche elizako organojole titularra ere bada.
Antolatzaileek, beraz, goi-goitik inauguratuko dute Musika Haizeak kontzertu zikloa. Euren lekukoa ere, gainera, ez du edonork hartuko. Urriaren 26an, 19:30ean, Claudia Alduncin klarinete jotzaileak eta Ignacio Arakistain piano jotzaileak igoko dira Arretxinagako Ermitako oholtzara. Bai Alduncin eta baita Arakistain ere, Musikenen goi mailako ikasketak egindakoak dira.
Hirugarren kontzertua, aldiz, azaroaren 30ean izango da. Arretxinagako Ermitan ariko dira Haizea Martiartu eta David Garcia. Let’s play Monk! musika saioa eskainiko dute, T. Monk-en abestiak joz. Martiartu markina-xemeindarrak ere gaztetatik izan du lotura musikaren munduagaz, eta Bartzelonan egindako ikasketek asetu dute bere grina. Hala, saxofoia eta gitarra joko dituzte musikariek.
Itxiera, berezia. V. Musika Haizeak kontzertu zikloak “itxiera berezia” edukiko du. Urteari amaiera ezin hobea eman ahalko diete markina-xemeindarrek, izan ere, abenduaren 28an herriko abesbatza eta koralen txanda izango da. 19:30ean, Xemeingo Elizako oholtzara igoko dira Xemeingo Gazte Ahots Abesbatza, Emeki Korala eta Xemein Abesbatza.
- Urriak 18. Maddi Txurruka eta Mikel Ansola, 19:30ean, Xemeingo Elizan.
- Urriak 26. Claudia Alduncin eta Ignacio Arakistain, 19:30ean, Arretxinagako Ermitan.
- Azaroak 30. Haizea Martiartu eta David Garcia, 19:30ean, Arretxinagako Ermitan.
- Abenduan 28. Xemeingo Gazte Ahots Abesbatza, Emeki Korala eta Xemein Abesbatza, 19:30ean, Xemeingo Elizan.