Energiaren inguruko zalantzak argitzeko martxan dago Debabarreneko Energia Bulegoa
Herritarren nahiz enpresen zalantzak argitu eta aholkularitza eskaintzen dute, doan. Egunero presentzialki, online nahiz telefono bitartez egin daitezke kontsultak.
Energia berriztagarrien erabilera indartzeko helburuz, duela hiru urte ipini zuen martxan Debegesak Debabarreneko Energia Bulego Birtuala. 2030 Agendaren baitan ipini zuten martxan zerbitzua, eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diete herritar nahiz enpresei, doan.
Debegesako ordezkariek jakinarazi dutenez, berriztagarriak instalatzeko, kontsumoa aurrezteko nahiz dirulaguntzak tramitatzeko moduko gaietan eskaintzen dute laguntza: “Energia berriztagarrien arloan dauden aukerak (fotoboltaikoa, termikoa, geotermia, aerotermia, biomasa…), teilatua birgaitzeko moduak edo berogailu sistemak, kontsumoa eta fakturak optimizatzeko bideak eta energiari lotutako beste hamaika konturen berri ematen dugu”.
Zerbitzua 2021ean martxan ipini zutenetik 70 kontsulta baino gehiago erantzun dituzte: “100 herritar eta enpresa baino gehiagori lagndu diete instalazioak bideratzen edo kontsumoa murrizten”. Zerbitzu pertsonalizatua eskatzeko aukera dago egunero. Hiru bide eskaintzen dituzte: online, telefonoz edo presentzialki. Online egin nahi dutenek Debegesaren web orrian sartuta eskatu dezakete zerbitzua; kontsulta telefonoz egiteko, aldiz, 943 82 01 10 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.