Finalerako bidea, ezustekoz beteta
Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Maite Ortiz de Mendibilen eta Maialen Aldazabalen kontra jokatuko dute Elite Mailako Emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketaren finala, hilaren 25ean.
Elite Mailako Emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketaren finalaurrekoak hartu zituen iragan barikuan [urriak 11] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak. Goi mailako ligaxka fasearen ondoren, finalerdien jardunaldiak ere ez zuen hutsik egin; ezustekoak eta intentsitatea nabarmendu ziren. Lehendabiziko partiduan Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek osatutako bikoteak Naroa Merino tolosarrak eta Frida Watkins zumaiarrak eraturikoa eduki zuen aurrez aurre. Danok Bat klubeko antolatzaileek argitu dutenaren arabera, Merinok eta Watkinsek “hautagaiei traba handiak” sorrarazi zizkieten.
Izan ere, Mugartegi eta Lejardi ziren, ustez, faborito nagusiak, baina Mugartegik zenbait akats egin zituen. Aurkariek, gainera, etengabeko presio jarraitua ezarri zuten, galtzeko ezer barik, eta hainbat unetan gehiago izan ziren neurketan. Dena dela, markina-xemeindarren bikote gorriak aurrea hartu zuen lehen setaren amaieran, eta 12-15 gailendu ziren. Bigarrenak ere lehenengoaren ildo beretik egin zuen: “Merinok eta Watkinsek gogor hartu zituzten hasieratik Mugartegi eta Lejardi, inongo konplexu edo beldurrik gabe, baina azken txanpan hautagaiek beraien izaera kantxaratu ahal izan zuten, 13-15 irabazteko”.
Bigarren partiduak ere asko eduki zuen ezustekotik. Maite Ortiz de Mendibil arabarra, iragan asteko gaixotasunetik berreskuratuta, Maialen Aldazabal berriatuarragaz aritu zen; aurrez aurre, berriz, Elaia Gogenola berriatuarra eta etxeko puntista, Oaia Otaño mutrikuarra, azaldu ziren. Bigarren finalerdiak ere lehenaren osagai bertsuak eduki zituen: “Oso borrokatua izan zen, lehiatua, eta azken unera arte ez zen argiki erabaki”. Gogenola eta Otaño “faboritoago” ziren hasieran, baina Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek segurtasun handia erakutsi zuten lehen bi seten erditik aurrera.
Seten lehen zatian tantoek kontrara jo arren, jokoaren erdialdean partiduari erritmoa hartu zioten arabarrak eta berriatuarrak, 15-10 eta 15-12 gailentzeko. Askoren ustez Gogenola eta Otaño finaletik kanpo geratzea “sorpresa” da, baina, era berean, Danok Bat klubetik azaldu dute Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek “merezimendu osoz” lortu dutela sailkapena: “Ortiz de Mendibilek asmatu zuen tantoak biribiltzen, eta Aldazabalek ohiko mailan babestu zuen bere jokoa, segurtasun handiz”.
“Finalerako, Mugartegi eta Lejardi apur bat faboritoago izan daitezke; hori bai, Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek finalerdian erakutsitako maila badute, sobera frogatu dute edonor mendean hartzeko gai direla”
Aurreikuspenetako final zaila.
Bikote biek jokatu ditzten finalaurrekoak ikusita, “zaila” izango da urriaren 25ean jokatuko duten finalari begira hautagairen bat nabarmentzea: “Partidu estua eta lehiatua izango da. Printzipioz, Mugartegi eta Lejardi apur bat faboritoago izan daitezke; hori bai, Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek finalerdian erakutsitako maila badute, sobera frogatu dute edonor mendean hartzeko gai direla”. Orain arte jardunaldi batean ere hutsik egin ez dutenak ikusleak dira, eta antolatzailek halaxe jarraitzea espero dute: “Final erraldoia izango da, ikusteko modukoa, eta zaleei Miruaitzera bertaratzeko deialdia luzatzen diegu, maila handiko zesta-puntaz goza dezaten”.