Lekeitioko altxorrak eta zerkak ezagutzeko ibilaldia egingo dute domekan
Lekeitioko Denbora Bankuak antolatutako ibilaldia izango da; domekan [urriak 20] 11:00etan ipini dute hitzordua, Usotegi herritarren ortuan. Ostean, bazkaria egingo dute; izena eman behar da.
Lekeitioko Denboraren Bankuak antolatuta, herriko altxorrak ikusi eta ezagutzeko ibilaldia egingo dute domekan [urriak 20]. Bi ordu inguruko ibilaldia izango da egingo dutena, 1,5 kilometrokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da ibilaldi zaila izango, baina, mendiko zapatilak eroateko deia egin dute.
11:00etan elkartuko dira Usotegi herritarren ortuan, eta hainbat toki ikusiko dituzte, esaterako Lumentzako koba, Leako padura, Sosoaga dolarea eta Dominikar komentua. Alde batetik bestera joateko, inguruko zerkak erabiliko dituzte: “Zerka batzuk itxita daude, eta bakarrik ibilbiderako zabalduko ditugu, jendeak ikusi eta ezagutu ditzan antzina zabalik egoten ziren zerkak”. Ibilaldia gidatua izango da, eta Julian Arratek emango ditu azalpenak.
Lekeitioko Denbora Bankuak hilabetero antolatzen du ekintza bat, eta herriko altxor eta zerkak ezagutzera joateko ibilbidea izango da urriko ekintza. Herri guztiari zabaltzen dieten ekintza izan ohi da hilabete bakoitzekoa, taldeko kideak ez direnek ere parte hartzeko aukera eduki dezaten. Urrikoa, baina, berezia izango da: “Trukaketa bat izango da Durangoko Denbora Bankuarekin. Euren taldeko 24 lagun edo etorriko dira Lekeitiora domekan, eta datorren hilean gu joango gara Durangora”.
Hala, ibilaldia amaitu ostean elkar ezagutu eta indarrak hartzeko bazkaritarako elkartuko dira hala nahi dutenek. Lagunkoia taldeko kide direnek doan bazkaldu ahalko dute; gainontzekoek, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkaldu nahi dutenek izena eman beharko dute 648 51 17 41 telefonora deituz. Gaineratu dute, ibilaldira joan gabe ere bazkarira joateko aukera dagoela.