Jone Arriolaren 'Dena asmatuta dago' filmak irabazi du 47. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra
Irabazlea aukeratzea "erronka handia" izan dela esan dute epaileek; palmaresa gaur [urriak 21] ikusgai egongo da Euskal Zine Bileraren web orrian. Itziar Ituñok Euskal Zinemaren Begirada jaso du.
Zapatuan [urriak 20] ospatu zuten Lekeition 47. Euskal Zine Bilerako sari banaketa. Aurkeztu ziren lan guztietatik, hogei izan ziren lehiaketako Sail Ofizialera sailkatzea lortu zutenak. Saridunak aukeratzearen ardura “zinemagintza eta euskal kulturaren ezagutza handia” duten hiru epailek eduki dute: Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak.
Parte hartzaileen artean irabazleak aukeratzea “erronka handia” izan den arren, bost izan dira banatu dituzten sariak; palmaresa gaur [urriak 21] ikusgari egongo da www.zinebilera.eus web orrian. Film onenaren saria, eta beraz, Urrezko Antzarra, Jone Arriola elgoibartarraren Dena asmatuta dago filmarentzat izan da. “Bainera txiki batean gauza asko kabitzen direla erakusten digun lana da hau”, adierazi dute epaileek. Hala, filma “organikoa, naturala eta, batez ere, feskoa” dela nabarmendu dute: “Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesioa eta aurre-lan handia eskatzen ditu”. Hori horrela, aktoreen interpretazioa ere azpimarratu egin nahi izan dute. “Egon beharreko tokian daude uneoro”. Urrezko Antzarragaz batera, 3.000 euroko saria irabazi du Arriolak.
Zuzendaritza onenaren saria, aldiz, Maddi Barber lakabetarraren Alas/Tierra lanarentzat izan da. Epaileen arabera, “lengoaia propioa” duen filma da Barberrena: “Zuzendariaren ikutua garbia da. Filma harilkatzen duen poema euskaratzerakoan, hitzen esanahia eremu berri batean kokatzen da: zuzendariaren eremuan”. Hala, Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro irabazi ditu Barberrek.
Itziar Leemans donibandarraren Ximinoa lanak eskuratu du, berriz, gidoi onenaren saria. “Klase arazo baten gaur egungo iraupena erretratatzen du begirada femenino batetik”, hala adierazu dute epaileek. Era berean, isiluneen erabilera ere azpimarratu dute: “Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra eta gorputz horiek beraiekin nola erlazionatzen diren nabarmendu nahi dugu”. Leemansek ere, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra irabazi ditu.
2000. urtetik aurrera jaiotakoen artean, aldiz, Benito Ansola saria banatu dute epaileek. Hori horrela, Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren Larramendi lanarentzat izan da saria: “Istorio bitxia da, eta irudi efektu interesgarriak darabiltzate. Egileei esperimentatzeko grina sumatzen zaie, eta horretan jarraitzera animatzen ditugu”. Nespereirak eta Etxeberriak ere Zilarrezko Antzarra irabazi dute, etea baita 1.000 euroko saria ere.
Epaileek, gainera, aipamen berezia egin nahi izan diote Kote Camachoren Puzzleak, bortxaketaren jauregia lanari: “Filmean lantzen den kasua izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena, eta oraindik ere badagoena. Horregatik da hain beharrezkoa horrelako lanak zabaltzea, protagonistek espresatzeko espazioa izan dezaten, eta gizarteak entzun ditzan”. Epaileen saririk jaso ez duen arren, Camachok EITB Ikuslearen saria eskuratu du; ikusleek, euren botoekin, 5etik 4,19ko puntuazioa ipini diote, eta beraz, Zilarrezko Antzarra eta 750 euro irabazi ditu.
Sari banaketa ekitaldiagaz batera, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzen dituen Euskal Zinemaren Begirada saria banatu zuten. Aurtengoan, Itziar Ituño aktorea omendu nahi izan dute: “Euskal Zine Bilerak begirada ipini du euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile eta pertsona batengan. Zehazki, munduari euskaraz ekin dion aktore unibertsal bati egin nahi zaio merezitako aitortza, bere ibilbidean zehar euskal ikus-entzunezkoetan eta euskaran izan duen eragina aintzakotzat hartu eta bere lana balioan jarriz”.
Sortzaile gazteak, erdigunean. Jaialdian banatu dituzten sariez gain, beste hainbat tailer egiteko aukera egon da Lekeition. Sortzaile gazteengana hurbiltzeko helburuagaz, Arropaineko Arraguarekin batera Klixka esperimentazio espazioa eta sorkuntza tailerrak antolatu dituzte: “Sorkuntza tailerretan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabilik espazio esperimental bat diseinatu dugu. Zinema hedatua, animazio esperimentala, collage filmikoa eta zuzeneko zinema bezalako kontzeptuen inguruan proposatutako espazioa izan da”.
Bestalde, ikus-entzunezko ondarearen inguruan ere aritu ziren atzo [urriak 20]. Atzo 8 izeneko lantegia egon zen egun guztian zehar, eta Super8 kamera estenopeikoa egiten ikasi zuten bertaratu zirenek. Arratsaldean, aldiz, lantegian egindako lanen proiekzioa egin zuten: “Performance formatuko proiekzio bat egin da, Merak Arkestra kolektiboko zeinbait kideen zuzeneko musikarekin. Tartean, Ramón Zamora Mendoza eta Juan Tomás Enziondo Batarritaren artxiboko irudiak tartekatu dira, saio esperimental zoragarria eskeiniz”.
Proiekzio bereziek ere euren tokia eduki dute jaialdian. Atzo [urriak 20] proiektatu zuten Zortzitik infinitura dokumentala; Benito Ansola zinemagilearen bizitza erdigunean hartuta, euskal zinemagintzaren historia jaso dute dokumentalean Naia Lakak eta Xabier Villalbak. Bestalde, gaur [urriak 21] Levante filmaren proiekzioa egongo da. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren elkarlanari esker, proiekzioagaz batera solasaldia ere egongo da, Alaitz Arenaza eta Maren Zubeldiaren eskutik.