50 herritar inguru elkartu dira Lekeitioko EH Bilduren III. Topaketan
Herri ereduari eta etxebizitzaren problematikari buruz aritu ziren bertaratu zirenak.
Joan den barikuan [urriak 18] 50 lekeitiar inguru elkartu ziren Lekeitioko EH Bilduren III. topaketan. Hala, bi orduz hainbat gairen inguruan hitz egiten aritu ziren herritarrak.
Alde batetik, herri ereduaren eta etxebizitzaren problematikaren inguruan aritu ziren: “EH Bilduk ikasturte honetarako duen lan lerro nagusienetako bat da, eta hori jorratu genuen: Lekeitioren turistifikazioa, eta, bereziki, etxebizitzaren problematika”. Horretarako Carlos Renedo etxebizitzaren gaian aditua eta Bilboko Udaleko zinegotzia izan zuten gonbidatu bezala: “Hainbat herritako esperientziak eta etxebizitzaren arazoaren aurrean egon daitezkeen aukerak azaldu zituen berak”.
EH Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, herri eredua aldatzeko herritarren babesa ezinbestekoa dute: “Herri ereduaren inguruan udalak martxan ipini dituen aldaketak herriaren sustengua behar-beharrezkoa dute, eta Lekeitioko EH Bildutik lan horri ekiteko asmo argia daukagu”.
Hala, Renedoren esku-hartzearen ostean, lantaldeetan banatu ziren bertaratutako 50 kideak, eta “eztabaida sakonetan” murgildu, eta aurrera begira ipintzeko aukera eduki zuten: “Gaiaren dimentsioa eta larritasuna handia bada ere, ilusio eta indar handiz atera ginen komunitateko kideak”.