Ane Urkiri mutrikuarra 'Naiz'-eko zuzendari berri izendatu dute
Orain arteko zuzendaria izan den Iñaki Altuna ordezkatuko du Ane Urkirik.
Naiz agerkari digitaleko Kirolak saileko arduraduna izan da orain arte Ane Urkiri Ansola kazetari mutrikuarra, eta aurrerantzean, Iñaki Altunari erreleboa hartuta, hedabide horretako zuzendaria izango da. Naiz-en Bilboko egoitza berriaren inaugurazioarekin batera aurkeztu zuten zuzendari berria, urriaren 17an.
Urkirik Naiz-en argitaratutako aurkezpen bideoan adierazi bezala, ardura berriak betetzeko momentua dela aipatu du, “maite dut kazetaritza deitzen den zeregin sozial hau, hala ere ardura berriak betetzeko une iritsi zait. Aurrerantzean Naiz-eko zuzendari berria izango naiz”. Aurrekoek landutako bideari jarraipena emanez, “garai nahasi hauetan argia jarriko duen kazetaritza eredua” eskaintzea du xede izendatu duten zuzendari berriak, “ezinbestekoa zaigun begirada feministatik” eta “eskala humanora ekarritako kazetaritzaren aldeko konpromisotik”.