Lekeitioko EAJk EH Bilduren "utzikeria eta gestio falta" salatu ditu
Aparkaleku sistema berria kolokan dagoela salatu dute jeltzaleek, prozesuaren legezkotasun faltaren eraginez. Era berean, sistema berriak eskubide desorekak sortu dituela uste dute.
Joan den ekainaren 15ean ipini zuen martxan Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria, eta irailaren 15ean eman zioten amaiera aurtengo uda denboraldiari. Bitarte horretan, Lekeitioko oporretako egoiliar talde batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, aparkaldi araututako sistemaren erregulazioaren ados ez zeudela eta. Hala, Arartekoak argitaratutako txostenaren aurrean, eta sistemaren legezkotasuna Auzitegi Nagusiak ikertuko duen albistearen aurrean, Lekeitioko EAJren udal taldeak “berriro ere argi utzi nahi du” aparkaleku sistema berria kolokan dagoela “EH Bilduren utzikeria eta gestio faltagatik”.
Prozesuaren legezkotasun falta salatu dute jeltzaleek. Jarraitu beharreko legezko prozedura guztiak “berandu eta txarto” egin dituztela leporatu diete: “Ordenantzak onartu eta aldatzearen berariazko eskumena udalbatzarena da eta araututako aparkaleku sistema berria berrantolatzeko indarrean dagoen ordenantzan egin beharreko aldaera sakon guztiak alkate dekretu bidez egin dira”.
Hori horrela, “egintza erabat deusez” baten aurrean daudela salatu dute, alkateak ordenantza bat aldatzeko eskumenik ez duelako: “Ezinbestean Osoko Bilkuran hartutako erabakien bitartez arautu behar da aparkaleku sistema berria”. Hala, epaitegiak prozedura guztia legez kontrakoa dela baieztatuz gero, herritarrengan eta Lekeitioko Udalaren aurrekontuetan “ondorio ekonomiko latzak” utzi ditzakeela azpimarratu dute. Jeltzaleen esanetan, Arartekoak ere “argi eta garbi” utzi du “legez ezarritako prozedura erabat alde batera utzi dela” eta “gaia dela-eta, argi eta garbi eskumenik ez duen organo batek emandakoa dela”.
Lekeitioko EAJ: “Ez gatoz bat eskualdeko (Lea Ibarra eta Ea) udalerrietakoak diren eta Lekeition zergarik ordaintzen ez dutenek, Lekeition erroldatuta eta berton zergak ordaintzen dituzten herritarrak besteko eskubidea izatearekin aparkatzerako orduan”.
Horren aurrean, jeltzaleek EH Bilduren udal gobernua kritikatu dute: “Badirudi, zoritxarrez, EH Bilduren udal gobernuari berdin zaiola legezkotasun falta honek ekarri ditzakeen ondorioak, Lekeitioko EAJtik eta Arartekotik luzatutako gomendioei uko egitea erabaki baitu, ‘herritarren babeserako’ hartutako erabakia dela argudiatuz”.
Hari horretatik tiraka, eskubide desoreka eragin dutela eta sistema berri harek ustez babestuko zituen merkatari eta ostalariei mespretxu egitea salatu dute. Eskubide desorekari dagokionez, eskuladeko herritarren eta lekeitiarren artean sortu dela desoreka argudiatu dute: “Ez gatoz bat eskualdeko (Lea Ibarra eta Ea) udalerrietakoak diren eta Lekeition zergarik ordaintzen ez dutenek, Lekeition erroldatuta eta berton zergak ordaintzen dituzten herritarrak besteko eskubidea izatearekin aparkatzerako orduan”.
Gaineratu dutenez, ez datoz bat eskualdeko beste udalerrietakoen eta bigarren etxebizitza herrian dutenen artean aparkaleku sistemagaz egiten duten bereizketagaz ere: “Eskualdeko beste udalerrietako bizilagunei doakotasuna ematen die, eta, aldiz, bigarren etxebizitza daukatenei udalerritik kanpo aparkatzeko eta ordaintzeko betebeharra, turistak bezala”. Azken horiek ere “herriaren ekonomiari egiten dioten ekarpena” ez dela kontuan hartu salatu dute, eta ezta horrek, merkatari eta ostalariengan duen eragina ere.
Lekeitioko EAJ: “Argi ikusi da araututako aparkaleku sistema berri hau indarrean ipintzerako orduan ez dela inolako elkarrizketarik egon, inposaketa hutsa egon dela”
“Prozesu iluna”. Jeltzaleek argi utzi nahi izan dute “hasiera hasieratik” ez datozela bat “udalak inposatu duen” aparkaleku sistema berriarekin, “ez bakarrik forman, baita sakonean ere”. Hori horrela, euskal kostaldeko hainbat herritan araututa dauden aparkaleku sistemak aztertu eta horien ingurura eztabaidatzeko proposamena luzatu dute. Era berean, euren alarma adierazi nahi izan dute “epaitegietan gai honek har dezakeen ibilbidearekin”.
“Hasiera hasieratik prozesua iluna” izan dela deritzote, eta EH Bilduren udal gobernua “ziurgabetasuna, noraeza, nahasmena eta segurtasunik eza sortzen aditua” dela salatu dute: “Gainera, argi ikusi da araututako aparkaleku sistema berri hau indarrean ipintzerako orduan ez dela inolako elkarrizketarik egon, inposaketa hutsa egon dela”. Lekeitioko EAJk gogorarazi nahi izan du “herritar guztien mesedetan gobernatzen duen gobernu bat” behar dutela.