'Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko' topaketak egingo dira Ondarroan
Asteburu osoko egitaraua egongo da Ondarroan, zapatu goizean hasi eta domeka iluntzera arte. Jarduera guztiak erakusketa aretoan burutuko dira.
Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko 3. Mundu Martxa urriaren 2an abiatu zen, Costa Rican, Biolentziaren aurkako Nazioarteko Egunean, “gizateriaren itxurazko atzerakadaren aurrean, kontinente bakoitzean gerrarik eta indarkeriarekin gabeko mundua nahi dugunon ahotsa entzunarazteko eta indartzeko”. Honen harira, Ondarroan Bakearen eta Indarkeria Ezaren aldeko topaketak burutuko dira asteburuan, zapatu [urriak 26] goizean hasi eta domeka [urriak 27] iluntzera arte.
Zapatuan [urriak 26] 11:00etan irekiko dituzte Ondarroako erakusketa aretoko ateak, eta bertan, Mundu Martxaren inguruan sortutako erakusketa ikusteko aukera egongo da, 20:00ak arte. 12:00etan jarduerei buruzko informazioa emango dute antolatzaileek. Arratsaldean, 16:00etan ekingo diote egitarauari, umeentzako ipuin kontaketa eta marrazketa tailerrarekin, 7 eta 12 urte bitarteko umeentzat bideratuta egongo da. Ondoren, 17:30ean, Mundu Martxaren aurkezpena egongo da eta jarraian, gazteentzako komunikazio ez bortitza eta harremanak hobetzeko ikastaroa egongo da. “Nahiz eta gazteentzako izan, edonork hartu dezake parte”, aipatu dute antolatzaileek. 19:30ean El principio del fin de las armas nucleares dokumentalaren proiekzioa egongo da, eta amaitzerakoan, solasean aritzeko tartea irekiko da. “Iluntzeko dokumentala hamasei urtetik gorakoentzako izango da”.
Igandean [urriak 27] 12:00etan emango diote hasiera egitarauari, helduentzako tailerrarekin: Harremanak hobetzeko komunikazio tresnak. Arratsaldean, bizipenak elkarbanatzeko unea izango da Indarkeria gure azalean hitzaldiarekin. Bertan, Nora Garmendia Vidal gazte ondarrutarrak parte hartuko du, “zer nolako biolentzia jasaten dugun, zer egiten dugun honen aurrean… horrelakoak elkarbanatuko ditugu”. 18:00etan, adin guztiei zuzenduta, Elkarrekin abesten tailerra egingo dute. Topaketei amaiera emateko, konpromiso etikoen testu bat irakurriko dute antolatzaileek, “daukagun jakintza eta baliabideak gizakiaren fabore, eta ez kontrara, ibiltzeko konpromisoa hartzen dugula esateko”.
Hirugarren mundu martxa. 2009tik 2010era bitartean egin zen lehen Mundu Martxa, eta 2019tik 2020ra bitartean bigarrena. Aurten, urriaren 2an, eman zioten hasiera, Costa Rican, eta 2025eko urtarrilaren 5ean itzuliko da bertara. Helburu desberdinak ditu martxak, batetik, bakea soilik indarkeria ezaren bidez lor daitekeen kontzientzia sortzen jarraitzea eta etorkizuna giza espezie osoari irekitzea. “Munduan, inoiz baino arriskutsuagoa den egoera salatu nahi dugu. Armamentu gastua igotzen ari den bitartean planetako gero eta eremu zabalagoetan populazioa bazterturik ari da geratzen, elikagai, ur eta giza eskubiderik gabe, eta honek denak, hirugarren mundu gerra nuklear baten mehatxupean jartzen gaitu”.
Mundu Martxak jorratzen dituen gaien artean, arma nuklearrak debekatzea da lehenengoa, “Estatuei arma nuklearrak debekatzeari buruzko tratua onesteko eskatuz eta hiriei laguntza eskatuz, beren gobernuei norabide horretan presioa egin diezaieten”. Horrez gain, desarmatzea proportzionala eskatzen du martxak, “estatuek gatazkak konpontzeko edo baliabide naturalak eurenganatzeko gerra erabiltzeari uko egin diezaioten”. Bestalde, Nazio Batuen Erakundea “lehenbailehen berreraikitzea” eskatzen dute, “planetako herritar guztiak benetan zainduko dituzten Nazio Batuak, eta gatazkarik bada, esku-hartze eraginkorra eta indarkeriarik gabea izango duena”. Horrez gain, hurrengo hamar urteetan munduan gosea desagerraraztea dute helburu: “Guztientzako ongizatea eta baliabideak bermatuko dituzten sistema sozioekonomikoak dituzten eskualdeak eta eremuak integratuz”.