Markina-Xemeingo Bekobenta eskolak jardueraz beteta ospatuko ditu bere 50 urteak
1975eko urtarrilean ireki zituzten Bekobenta eskolako ateak lehenengoz. Aurtengo ikasturtean 50 urte beteko dituela aprobetxatuz, hainbat ekimen egingo dituzte, tartean, liburu bat argitaratu eta duela 25 urte egindako antzezlan bat berreskuratuko dute.
50 urte loran. Hala izendatu dute Markina-Xemeingo Bekobenta eskolakoek euren aurtengo ikasturtea. Izan ere, 50 urte beteko dira datorren urtarrilean Bekobentak bere ateak lehenengoz ireki zituenetik; 1975eko urtarrilen hasi ziren bertan ikasten lehenengo ikasleak, eta gaur egun 400 inguru dira. Zalantzarik barik, aurtengoa urte berezia izango da Bekobentan hainbat urte daramatzatenentzat, baina, baita hasiberriak direnentzat ere, hamaika ekintza antolatu baitituzte urte guztirako.
Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oizpe guraso elkarteko eskola komunitateko hainbat kide dabiltza urteurrena antolatzen. Hala, lehenengo ekintzagaz hasteko puntu-puntuan daude: azaroaren 5ean hainbat guraso eskolako jantokira joango dira, euren seme-alabekin bazkaltzera. Antolatzaileek azaldu dutenez, gurasoei barrutik erakutsi nahi diete jantokia eta bertako giroa zer nolakoa den. Hala, 2025eko martxora arte parte hartu ahalko dute gurasoek ekimenean.
Urtarriletik aurrera, berriz, ez dute gelditzeko astirik edukiko. Liburutegian, esaterako, hainbat dinamizazio jarduera egingo dituzte urte berria hasteagaz batera, besteak beste, ipuinen irakurketa, ipuin kontalaria eta liburuekin lotutako lan plastikoak. Arratsaldero gurasoek zabaltzen dute liburutegia, eta urtarriletik aurrera hilero jarduera bat egiteko aukera edukiko dute umeek.
Une berean hasiko dituzte ikasleen arteko kirol lehiaketak ere: palan, esku pilotan, pin-ponean eta xakean ariko dira. Kanporaketak jokatuko dituzte ikasturtean zehar, eta finalak, aldiz, ekainean egingo dute jaiarekin batera jokatuko dituzte.
Izan ere, gorriz markatutako bi egun dituzte Bekobentakoek ekainean: 13a eta 14a. Hor izango da eskolako jai handia, eta denetarik egiteko aukera edukiko dute. Tartean, nola ez, izango dute bazkaritan elkartzeko aukera ere: aurtengo Bekobentako ikasle, irakasle eta gurasoak ez ezik, kontuan hartuko dituzte aurretik eskolan egon izan direnak ere.
Duela 25 urte egindako antzezlan bat berreskuratuko dute.
Garai zaharrak gogoratuz. Hori guztia gutxi balitz, garai zaharrekin ere gogoratuko dira. Ez bakarrik gogoratu, baita plazaratu ere. Alde batetik, maiatza inguruan liburu bat argitaratzea espero dute. Azaldu dutenez, auzo eskoletatik hasi eta gaur egunera arteko eskola publikoaren bilakaera jaso gura dute liburuan. Gainera, liburuarekin lotuta, erakusketa bat ere ipiniko dute Karmeldarren aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiaren auzo eskolen inguruko erakusketa izango da, hain zuzen ere, bertan ipiniko dutena. Erakusketagaz batera orduko eskolen erreprodukzio txiki bat ere ipiniko dute.
Gaur egungo ikasleek ez ezik, duela hainbat urte Bekobentako kide izan zirenek ere parte hartuko dute eskolaren 50. urteurrenean. Izan ere, duela 25 urte eskolan egindako antzerki bat berreskuratuko dute: “Duela 25 urte hemengo 7. eta 8. mailako ikasleek Markina herriaren sorrera antzerkia egin zuten, eta hori berreskuratuko dugu hainbaten artean”. Hala, orduko ikasleek, gaur egungo gurasoek, Abarka antzerki taldekoek, eta nola ez, gaur egungo ikasleek parte hartuko dute antzezlanean; estreinaldiaren data zehazteke dagoen arren, hirugarren hiruhilabetean izango dela aurreratu dute.