Gazte nahiz nagusi, denak elkartuko dira Etxebarriko Gazte Egunean
Etxebarriko Gazte Asanbladak antolatuta, zapatuan [urriak 26] egun osoko egitaraua edukiko dute. Bazkaritarako, esaterako, 70 lagun inguru elkartuko dira. Ostean, Maider Mimiren bakarrizketa egongo da.
Duela bi urte antolatu zuen lehenengoz Gazte Eguna Etxebarriko Gazte Asanbladak, eta aurtengo hitzordua ere heldu zaie: zapatuan [urriak 26] egun guztiko egitarauagaz elkartuko dira herritarrak. Baserri Eguna izatetik Gazte Eguna izatera pasa den arren, argi dute asanbladako kideek herritar denentzako eguna dela zapatukoa.
Hala erakutsiko dute, hain zuzen ere, goizeko II. Herri Kirol lehiaketan. Iaz antolatu zuten lehenengoz, eta ondo joan zela ikusita, errepikatu egin nahi izan dute. Aurten ere, lau taldek parte hartuko dute, bakoitza hamar partaide ingurugaz. Lehenengo taldea guraso elkarteko kideek osatuko dute, eta tartean, asanblada sortu zutenak ere egongo dira; bigarrena, 30 urte ingurukoek osatuko dute; hirugarren 25 urte ingurukoek; eta laugarrena, 15-18 urte ingurukoek. Hori horrela, guztira 40 lagun inguruk parte hartuko dute aurtengoan ere.
Hiru jardunalditan banatuko dituzte lehiaketako ekintzak. Lehenengo jardunaldian bizikletan, korrika, txokor batzen, txinga eroaten, zakua eroaten eta zaku karreratan jokatuko dute. Bigarren jardunaldian, aldiz, fardo jaurtiketa egingo dute, altuera desberdinetatik. Lehiaketagaz amaitzeko, hirugarren jardunaldian sokatiran ariko dira.
Lehiaketa amaituta, trikiti poteoa egingo dute herriko trikitilariekin, eta ostean, bazkaritarako elkartuko dira: “Guztira 70 lagun inguru elkartuko gara bazkarian. Ostean, Maider Mimiren bakarrizketa edukiko dugu. Gizarteko gai tabuen inguruan kritika soziala egiten du, umoretik”.
Maider Mimiren bakarrizketaren ostean, musikak hartuko ditu herriko kaleak. 18:00etatik 21:00etara Hamarru elektrotxaranga egongo da, eta jarraian kontzertuak egongo dira, Elizpean: Malko, Rebel Noise eta Dj Etxekoi.
Herriaren esentzia. Helburu argi batekin antolatu dute Gazte Eguna asanbladako kideek: herriko adin guztietako jendea elkartzea. Gainera, gaur egungo asanbladako kideak eta lehengoak ez ezik, gaztetxoagoek ere erakutsi dute interesa asanbladan parte hartzeko: “Gaur egun asanbladan hamabost inguru gara. Orain momentuan gazteenak 16 urte ditu, baina Gazte Egunetik aurrera 14 urte edukiko ditu gazteenak. Gazteak ere gogotsu dabiltza asanbladan parte hartzeko”. Gaineratu dutenez, egunean zehar ere ikusten da etxebarritarrek dute prestasuna: “Batzuk orain asanbladan ez dauden arren, laguntzeko prest egoten dira. Nagusiagoek, esaterako, gazteagooi gauza asko erakusten dizkigute. Etxebarrik daukan auzolan edo herri lanaren esentzia hori ikusten da halako egunetan”.
Egitaraua.
- 11:00. II. Herri Kirol lehiaketa, frontoian.
- Ostean. Triki poteoa.
- 15:00. Bazkaria, frontoian.
- Ostean. Maider Mimiren bakarrizketa.
- 18:00. Hamarru elektrotxaranga.
- 21:00. Kontzertuak, elizpean: Malko, Rebel Noise eta DJ Etxekoi.