Lea-Artibaiko gazte independentisten elkartasun jaialdia antolatu du Ernaik
19:00etan emango diote hasiera elkartasun jaialdiari, eta bertan lortutako dirua Segurtasun Sailak Ernairi jarritako isunak ordaintzeko izango da.
Ondarroako Gaztetxean izango dute hitzordua zapatuan [urriak 26] Lea-Artibaiko gazte independentistek, Ernaik antolatu duen elkartasun jaialdian. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jarritako ia 300.000 euroko isunak ordaintzea izango da jaialdiaren helburua, eta horretarako zapatu iluntzera begirako egitaraua prestatu dute.
19:00etan irekiko dituzte gaztetxeko ateak, eta bertaratuek, jan-edanerako aukera izango dute. 20:00etan Olatz eta Aiza bikote ondarrutarraren kontzertu akustikoa egongo da, eta ondoren, DJ Matri markina-xemeindarra arduratuko da gaztetxea girotzeaz. Amaitzeko, Lumatzak MJ hirukote ondarrutarra igoko da oholtzara, publikoa dantzan jartzeko helburuagaz.
Aurrekariak. 2023ko irailean Ertzaintzak Ernaiko 133 gazte identifikatu zituen Bilbon eta Gasteizen Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko burututako ekimenetan. 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zitzaizkien maiatzean identifikatutako gazteei, guztira, 290.500 euro. Gazte antolakundea “ekonomikoki ito” eta “politikoki deuseztatzeko” estrategia izan zela egotzi zion Ernaik Segurtasun Sailari. “Ernairen aurka abiatutako operazio hau bidegabekeria hutsa da, izan ere, Segurtasun Sailak erabat modu neurrigabean eta arbitrarioan erabaki du gure aurka isun hauek jartzea. Ohikoa da horrelako egoeretan prozesu judizialak abiatzea, kasu hauetan, epaiketa bat egoten da, probak aurkezten dira eta horren ostean heltzen da epaia. Gure kasuan berriz, Segurtasun Sailak berak erabaki du zein motatako isunak jarri, nor isundu eta zein preziotan. Horregatik esaten dugu erabat bidegabea eta neurrigabea dela”, adierazi du Amaiur Egurrola Ernai Gazte Antolakundeko bozeramaileak atzo egindako agerraldian. Honen harria, prozesu judiziala jarri dute martxan eta azaroaren 28an “Eusko Jaurlaritza epaitegietara” eramango dutela azpimarratu dute. “Hautu politiko bat da, eta epaiketa beste borroka eremu bat bezala ulertzen dugu”.
Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, zortzi kidek jaso dute isuna, eta adierazi duten bezala, “guztira 20.000 euroko zamari” egin behar die aurre. Beraz, Lea-Artibaiko Ernaiko kideek zapatuko elkartasun jaialdira joateko deia egin dute, eta aipatu dute, antolakundearen jarduna sostengatzeko kontu korrontea zabalik dagoela, “ahal eta nahi duenak transferentzia egiteko”.
Ondarroako aurkezpena. Elkartasun jaialdia hasi aurretik, Ondarroako Ernaik herriko taldearen aurkezpena egingo du, eta ikasturteko plangintza azaltzeaz gain, epe luze zein laburreko mugarriak mahaigaineratuko ditu.