Lekeitio Lagunkoiak amaitu ditu San Andres auzoko garbiketa lanak
Auzolanean egin dituzte garbiketa lanak. Hurrengo auzolan ekintza azaroaren 20an egingo dute.
San Andres auzoa garbitzeko bigarren auzolana egin zuten atzo [urriak 13] lekeitiarrek. Lekeitio Lagunkoia taldeak antolatuta eta Abaroa eta Lekitto Bedarra taldeen laguntzarekin, hainbat garbiketa lan egin zituzten.
Guztira bederatzi izan ziren laguntzera bertaratu zirenak: horietatik hiru izan ziren Lagunkoi taldekoak, eta bi, aldiz, auzotarrak. Bereziki azpimarratu dute auzotarren partaidetza antolatzaileek: “Hori da bidea herritarrok norbere auzo eta ingurua maite eta zaintzeko!”. Auzoko loreontzietako belarrak kendu, atxurtu eta ongarritu egin dituzte: “Bi zaku handi batu ditugu belar arrastoekin, eta arbola hondo batzuk ere garbitu ditugu”. Amaiera, gainera, “ezin hobea” izan zen, partaideek eroandako janariarekin mokadutxoa egin baitzuten.
Hurrengo auzolan ekintzarako ere ipini dute hitzordua: azaroaren 20a. “Lekeitioko Udalaren gidaritzagaz, Santa Katalinako jolas tokiko horma eta Isabel II. etxetxoen pintaketa egingo dugu”. Hala, bertaratzeko deia egin diete herritarrei.