Mendizale helduen ibilaldia egingo dute Mutrikun
08:30ean aterako dira Goiko Plazatik, eta guztira, 17 kilometro egingo dituzte. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.
Gipuzkoako Mendizale Federazioaren 38. Mendizale Helduen Ibilaldia egingo dute Mutrikun, domekan [urriak 27], Burumendi Mendizale Elkarteak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatuta.
08:30ean abiatuko dira Goiko Plazatik, eta guztira, 17 kilometroko ibilaldia burutuko dute, 4-5 ordu inguru. Antolatzaileek zehaztu dutenez, momentuz, 56 lagunek eman dute izena, baina egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da, 10 euro ordainduta. Ibilaldian zehar geldialdia egingo dute Pikupen, eta bertan, Mutriku Sokatira Taldekoen eskutik, Lumagorri produktuak dastatuz, hamaiketakoa jateko aukera izango dute.