Uzuri Albizu Malleak aipamen berezia jaso du CAF-Elhuyar sariketan
Doktore tesiaren kategorian jaso du munitibarrak aipamen berezia, 'Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia' lanari esker.
CAF-Elhuyar sariketaren 30. ekitaldia egin zuten atzo [urriak 23], Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Elhuyar Fundazioak CAFen eta NEIKERen babesagaz antolaturiko txapelketa da, aurten konta(kta)tu leloa eduki duena. Sariketaren jomuga nagusiak bi dira: batetik, egileek beraien jakintzare, ikerketen edota proiektuen berri ematea; bestetik, jendearen kezkei edota beharrizanei erantzutea, alegia gizartearekin konektatzea. 30. aldirako 38 proiektu jaso dira, zenbait kategoriatan banatuta. Epaileek adierazi dutenaren arabera, parte hartze “orekatua” eduki du aurtengoak, generoari dagokionez.
Uzuri Albizu Mallea munitibartarrak aipamen berezia eskuratu du doktore tesiaren artikulua kategorian, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia lanagatik. Kategoria horretan, Argi ibili kuantikarekin proiektuagaz, Antton Babaze Aizpuruak eskuratu du lehen saria, baina epaimahaikideek erabaki dute Albizuren jarduna diziplinartekotasunaren “adibide bikaina” dela: “Tesia ederto azalduta dago, eta matematikari buruzko bestelako ikusmoldea eskaintzen du”.
Mikel Ojinaga Juarez bermeotarrak NEIKER saria irabazi du. Sari horrek, hain zuzen, lehen sektoreko lanak saritzea du jomuga. Birusen aurkako gudari irrabarratsua izena du Ojinagaren proiektuak. Bermeotarrak lortutakoari buruz epaimahaikideek nabarmendutakoa izan da ondu duen gaiak “garrantzi itzela” duela sektorean: “Egileak oso argi azaldu du zein den sektorearen arazoa, eta horiei zelan aurre egin. Gainera, hainbat eta hainbat argazki esanguratsuz jantzi du bere testua. Azken batean, dibulgazio lan aparta egin du”. Beste kategorietako sarituek bezala, Ojinagaz 2.000 euroko dirusaria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulana jaso zituen atzo.
Gainontzeko sariei dagokienez, honakoek irabazi dituzte: dibulgazio artikulua kategorian, Ander Tobalina Novok, Arau berriak, jostailu berriak artikuluagaz; doktore tesiaren artikulua kategorian, Antton Babaze Aizpuruak, Argi ibili kuantikarekin lanari esker. Sail horretan, bestalde, Uzuri Albizu Mallea munitibartarrak aipamen berezia jaso du epaimahaikideen aldetik, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia lanagatik. Enekoitz Telleria Sarriegi eta bere lana, Silfioaren enigma izenekoa, saritu dituzte zientzia kazetaritza kategorian.
Aipaturiko sariez gain, 500 euroko beste dirulaguntza bat ere banatzen dute CAF-Elhuyar sariketan, zientziaren eta gizartearen arteko zubi lana egiten duten proiektuak bultzatzeko. Aurten, laguntza hori FEMIAS KOLEKTIBA taldeak aurketuriko FemPRONT proiektuak lortu du. Genero arrakalarik gabeko adimen artifizialeko TEXT-TO-IMAGE irudiak sortzeko gida interaktibo baten digitalizazio proiektu artistikoa da FemPRONT. Epaimahaikiden ustez, “bereziki erakargarria” da puri-purian dagoen arlo bati buruzko lan bat genero ikuspegiagaz uztartzea. Proiektuaren atzean Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonso daude.
Bestalde, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria eman ohi du, euskararen normalizazioan eta zientziaren nahiz teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omendu asmoz. 30. aldiaren garailea Miren Basaras Ibarzabal izan da, euskarazko dibulgazioan eta mikrobiologiaren eremuan eginiko lanagatik, batik bat, pandemia aldian.