"Arrakasta handiz" ospatu dute X. Usotegi Eguna
Lekitto Bedarra taldearen ekimenez elkartu ziren zapatuan [urriak 26] Lekeitio eta inguruetako herritarrak. Gabino Muruaren hitzaldian, esaterako, Aulesti, Berriatua, Igorre, Mendexa eta Lekeitioko partaideak egon ziren.
Eguraldi iluna izan zen nagusi eskualdeko herri guztietan zapatuan [urriak 26], baina hori ez zen oztopoa izan Lekitto Bedarra taldearentzat. Usotegi Egunaren hamargarren aldia izan zen antolatu zutena, eta “arrakasta handiz” ospatu ahal izan zuten eguna: “Nahiz eta eguraldi txarra egin eta programatuta geneuzkan ekintza guztiak ez egin, arrakasta handiz ospatu dugu dena”.
Hala, goizean goiz hasi zuten eguna, Oletatik heldu ziren Kostabiren produktuak salduaz: “Bingenen berdura postua muntatu genuen goizean, eta salmenta handirik egin ez arren, poztekoa izan zen azek, alberjinek eta azelgek izan zuten arrakasta”.
Ostean, saio praktikoa izan zuten Gabino Murua gabiriarraren tailerragaz: “Gabino Murua adituak azaldu zigun zelan landatu behar diren azelgak eta brokoliak. Esaterako, landatzerakoan kontuan izan beharreko distantziak, ongarritze eta errotazioaren garrantzia eta izaten dituzten gaixoak eta plagak landu genituen”.
Tailerra amaitu eta hamaiketakoa egin ostean, Azkue Ikastolako portxean elkartu ziren partaideak, tailerraren bigarren zatirako: neguko ortuari buruzko hitzaldia entzun zuten Muruaren eskutik. Aulesti, Berriatua, Igorre, Mendexa eta Lekeitioko hamabost lagun inguru elkartu ziren bertan, eta adi jarraitu zituzten Muruaren azalpenak: “Aberatsa izan zen partaideen inplikazio eta esperientzia pertsonalak elkarrekin trukatzea. Hainbat trikimailuren artean, jakin dugu lejiaren erabilera ona dela porruaren arra desagertzeko, eta ongarri berdeak egiten duen mesedea lurraren egitura hobetzeko”.
Ostean, bazkaritarako elkartu ziren Lekitto Bedarrako hainbat partaide eta NANA Eako taldeko beste hainbat ere: “Elkarrekin ezagutzak elkarbanatu genituen, eta etorkizunean egin ditzakegun ekintzak landu genituen”.
Jolasak eta txapelketak. Bazkalostean, ume eta nagusien jolasen txanda izan zen, eta giro ederrean ibili ziren. Aitzur jaurtiketa ezin izan zuten egin, euriaren ondorioz ortua lokatzez beteta zegoelako; hala, eguenean [urriak 31] egingo dute lehiaketa, 17:30ean.
Gainontzeko txapelketak, baina, arazorik barik egin zituzten. Txapel jaurtiketan Imanol Barainka izan zen garaile, eta irritzian, Nana taldeko Maider. Piper kopurua asmatzen, partaideek 26 zenbaki ipini zituzten: gutxienak 103 piper ipini zituen, eta gehienak 640. Irabazlea, baina, Olaia Malaxetxebarria lekeitiarra izan zen: 215 piper egongo zirela esan zuen, eta kopuru zehatz hori egin zen kaxan.
Usotegin ekoiztutako kalabazaren pisua asmatzen, aldiz, 31 zenbakigaz saiatu ziren: gutxienak 13,5 kilo izango zituela esan zuen, eta gehienak, aldiz, 46 kilo. Berriro ere, irabazlea Olaia Malaxetxebarria izan zen: 20 kilo ipini zuen, eta kalabazak 20,3 kilo pisatzen zituen.
Lekitto Bedarra taldeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete partaide denei: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Usotegiko aldi berri bat posible egin duten denei, partaide, laguntzaile, Ikastola eta babesleei”.