Eguzkik dio Amankomunazgoak hartutako neurriak "ondo" daudela, baina “atzerapenarekin datozela"
Lea-Artibaiko Eguzki Talde Ekologistak Amankomunazgoak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko iragarritako neurrien gaineko balorazioa egin du. Emaitzarik "onenak" atez ateko sistemaren planteamenduak ematen dituela adierazi dute.
Eguzki Talde Ekologistak Lea-Artibaiko Amankomunazgoak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko iragarritako neurriak baloratu ditu, eta balorazioa “ona” izan arren, neurriak “atzerapen handiarekin” datozela zehaztu du. “Gaur egun Lea-Artibain hiri hondakinak kudeatzen duen enpresarekiko kontratua amaitzearekin batera, Amankomunazgoak iragarri du udalerriek gaikako bilketa hobetzeko pausoak emango dituztela. Egia esan, eskualdeko udalerrietan ingurumenarekiko kontzientzia maila, oro har, ona dela esan daiteke, baina orain alor honetan pausoak ematera badoaz ez da kontzientzia maila ona dutelako, legeak hala agintzen duelako baizik”.
Izan ere, Ekonomia Zirkularreko Hondakinen eta Lur Kutsatuen Gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, hondakinen gaikako bilketari dagokionez, 2025erako, “gutxienez”, %55ekoa izango dela adierazten du, 2030erako %60koa, eta 2035erako %65ekoa. “Lea-Artibai oso berandu dabil gai honi dagokionez. 2023ko datuen arabera %43,6koa da zifra, eta 2024koa antzerakoa izango da. Beraz, 2025eko helburua ez da beteko”, adierazi du Eguzkik. Hala ere, Eguzkik modu positiboan baloratu ditu hartutako neurriak, eta Lea-Artibai Bizkaiko gaikako bilketaren ratiorik onena duen eskualdea dela azpimarratu du: “Hondakinen Behatokiaren 2023ko Txostenaren arabera, Lea-Artibai da Bizkaian gaikako bilketaren ratiorik onena duen eskualdea, baina hala ere, ez luke kontsolamendua izan behar”.
Eskualdeko udalerrietan ingurumenarekiko kontzientzia maila, oro har, ona dela esan daiteke, baina orain alor honetan pausoak ematera badoaz ez da kontzientzia maila ona dutelako, legeak hala agintzen duelako baizik
Gauzak horrela, neurriak “lehenbailehen” ezartzeaz gain, hondakinen gaikako bilketak ere “hazten” jarraitu behar duela azpimarratu dute, “Amankomunazgoak gaikako bilketa edukiontzietan oinarritutako sistemaren bidez egitea erabaki du. Sistema honek, betiere behar bezala kudeatzen bada, emaitza onak eman ditzake. Gainera, Lea-Artibain hobetzeko tartea oso handia denez, ez gara gu horren kontrako ezer esaten hasiko”. Hala ere, “emaitza onenak” atez ateko sistemaren planteamenduak ematen dituela azaldu dute: “Ez gara tematuko, baina uste dugu Amankomunazgoak eta berau osatzen duten udalerriek ez lioketeela aterik itxi behar horren ezarpena aztertzeari”.
Horrez gain, sistema berria ezartzearekin batera “herria informatzeko kanpaina zabala” egin beharko litzatekeela azaldu du Eguzkik: “Amankomunazgoak aurreratu duenaren arabera, hemendik aurrera errefusaren edukiontzia astean zenbait egunetan soilik ireki ahal izango da, betiere txartelagaz, eta taberna eta dendetan atez ateko bilketa egingo da. Herritarrak informatzeko kanpaina zabala egin beharko litzateke, ez bakarrik txartelaren funtzionamendua edo edukiontziak irekitzeko egunak eta orduak azaltzeko, baita hondakinak gaika biltzeak eta ez biltzeak dituzten ondorioak azaltzeko ere. Ingurumen ondorioak, eta baita ekonomikoak ere”.
Ez gara tematuko, baina uste dugu Amankomunazgoak eta berau osatzen duten udalerriek ez lioketeela aterik itxi behar atez ateko sistemaren ezarpena aztertzeari.
Talde Ekologistak adierazi duenez, lege berriaren arabera, “hemendik aurrera udal hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzua ezingo da defizitarioa izan, orain arte bezala, eta %100ean zabor-tasen bidez finantziatu beharko da. Horregatik, zabor-tasak izugarri ari dira igotzen estatuko ia herri guztietan, eta legearen arabera, sortutako hondakinena araberako ordainketa sistemak ezarriko dira”. Zenbat eta hondakin gehiago sortu, gehiago ordaindu beharko da: “Logikoa da. Izan ere, antiekologista izateaz gain, ez da bidezkoa hondakinak txukun eta arduraz bereizten dituztenek beraien ahalegin eta diruaren bidez batere bereizten ez duten axolagabeei laguntzen jarraitzea, gaur egun gertatzen den bezala. Kontuan izan behar da, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Hori, orain arte, aurrekontu publikoetan islatu da”.