"Oso ondo" joan da Markina-Xemeingo Mendi Astea
Eguraldiaren ondorioz eskalada irteera bertan behera geratu den arren, gainontzeko ekintza guztietan jende ugari ibili da.
Markina-Xemeingo Mendi Asteak eman ditu jada, bere onenak. Aurtengoa “nahiko arrakastatsua” izan dela esan dute antolatzaileek. Urriaren 24an hasi eta joan den domekan [urriak 27] eman zieten amaiera Markina-Xemeingo Udalak eta Artibai Mendigoizale Taldeak Mendi Asteari. Antolatzaileekin batera, Leaktibai, Antsotegi Hotela eta Opela aritu dira Mendi Astea aurrera eroateko lanean.
Eguraldiaren eraginez zapatuan [urriak 26] egitekoa zuten eskalada irteera ezin izan bazuten egin ere, gainontzeko ekintza guztiak egin ahal izan dituzte. Hala, eguenean [urriak 24] eman zieten hasiera Mendi Asteari, Ekaitz Maizen Amaiurko bidea dokumentalarekin: “Ikaragarria izan zen, oso-oso polita”. Antsotegi Hotelean izan zen proiekzioa, eta bertako arduradunek esan dutenez, inoiz baino jende gehiago elkartu zen bertan: “Aurretik jende gehien Juanjo San Sebastian etorri zenean egon zen, eta oraingoan apur bat jende gehiago egon da. Euren aretoa beteta egon da”.
Barikuan, aldiz, Ioritz Gonzalez azkoitiarrak itzulitako Zain dezagun mendia liburua izan zuten hizpide. Interesgarria izan zen arren, ez zen gainontzeko ekintzetara besteko jenderik joan: “Pena izan zen, baina badakigu liburuen aurkezpenek ez dutela edukitzen halako atxikimendurik”.
Domekan [urriak 27], aldiz, jende ugari elkartu zen egun guztian. Goiza orientazio ibilbideagaz hasi zuten, eta lokatza nagusi izan zen arren, “parte hartze polita” egon zela nabarmendu dute antolatzaileek: “Gau guztian euria egin zuen arren, egitera ausartu ginen. Saioa ordubete atzeratzeak salbatu egin gintuen, ze, 10:00etarako guztiz ateri egon zen”. Hala, “zoragarri” joan zen saioa: “Ibilbide polita izan zen, eta umeekin egiteko erraza. Hamazazpi pertsonaia mitologikoren inguruan ibili ginen. Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu zuen, eta dena ezin hobeto egon zen”.
Domeka arratsaldean, ostera, Mendi Tour zinema jaialdi ibiltariagaz gozatu zuten, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiko azken edizioko pelikula onenak ikusi zituzten: “Esperantza aretoa beteta egon zen. Bideo motzak ikusi genituen, oso kalitate handikoak eta politak”.
Hala, balorazio “oso ona” egin dute aurtengo Mendi Astearena: “Jende aldetik ondo joan da, pozik geratu gara. Datorren urtera begira Aringa-Aringa taldearekin lanean ari gara: asmoa da Txara Traila eta Mendi Astea batzea”.