Errigoragaz bat egin dute Bekobenta eskolak, Markina BHIk eta AEK-k
Hiru eragileek lau urte daramatzate Errigorako auzolana elkarlanean sustatzen. Saskiak eskatzeko epea zabalik egongo da azaroaren 14ra arte; banaketa azaroaren 29an egingo dute.
Errigoraren udazkeneko kanpainagaz bat egin dute Markina-Xemeinen. Aurtengoarekin laugarren aldia izango da Markina BHIk, Bekobenta eskolak eta AEK-k elkarlanean kanpainan era aktiboan parte hartuko dutena, auzolanaren bidez. Hiru eragileek herritarrei saskiak eskatzeko deia egin diete; eskaerak azaroaren 14ra arte egin ahalko dira.
Horretarako, hiru bide zabaldu dituzte. Eskariak online egiteko www.errigora.eus web orrian sartu, eta banaketa gunean Markina BHI edo Markina-Xemeingo AEK aukeratu beharko da; bestela, markina@aek.eus helbidera idatzi beharko da, norbere norbere datuak emanez. Presentzialki eskatu nahi dutenek, aldiz, eskuorria norbere datuekin bete eta ikastetxeko Errigoraren buzoian sartu beharko dute (atezainaren ondoan dago). Jakinarazi dutenez, saskien banaketa azaroaren 29an egingo dute, 15:30etik 17:00etara, eskolako frontoian.
Eragile guztiak bat datoz Errigoraren ardatzagaz: “Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora, Nafarroa hegoaldea ardatz hartuta. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagai Euskal Herrian bide emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz“.
Hori horrela, kanpaina babestu eta zabaltzeaz gain, alde pedagogikotik ere lantzen dituzte Errigoraren oinarriak: “Proiektu honekin Euskal Herri osoaren kontzeptua lantzen dugu ikasleekin. Euskal Herriko eremu desberdinetan dauden egoera soziolinguistiko desberdinen ezagutza hartzen dute”. Gaineratu dutenez, euskara ofiziala ez den lekuetan euskarak eta euskaldunek dituzten oztopoen berri ere ikasten dute: “Horren bitartez, euskara laguntzeko kontzientzia hartzen dute”.