Mugikorraren zentzuzko erabilerari buruzko formakuntza egongo da eskualdeko hainbat herritan
Lea-Artibai Mankomunitatearen eskutik, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition eskainiko dute formakuntza. Herri bakoitzeko lau saio izango dira, eta lanketa integrala egingo dute. Izena eman behar da azaroaren 3a baino lehen.
Lea-Artibai Mankomunitatearen eskutik, eta eskualdeko hainbat udal eta guraso elkarterekin elkarlanean, mugikorren zentzuzko erabilerari buruzko formakuntza egongo da azaroan. Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition eskainiko dituzte formakuntza saioak, eta herri bakoitzeko lau saio izango dira.
Saio guztiak 18:00etatik 19:30era izango dira, eta parte hartzeko izena eman behar da galdetegi baten bitartez; azaroaren 3a da horretarako azken eguna. Jakinarazi dutenez, herritar guztiek parte hartu dezakete formakuntzan, baina, batez ere 0-18 urte bitarteko gaztetxoen gurasoei egin diete parte hartzeko deia. Formakuntza euskaraz izango den arren, gaztelaniara itzuliko dute Telegram bitartez.
Azaldu dutenez, lanketa integrala izango da formakuntzan egingo dutena: “Azken hamarkada honetan osasun arazo bihurtu da pantailekiko dugun adikzioa. Mugikorraren auzia eta osasun mentala uztartuz, lanketa integrala egingo da formazioan, ezinbestekoa baita mugikor eta pantailekin harreman osasuntsua lortzea”.
Saioak.
- Markina-Xemein. Azaroak 4, 7, 11 eta 14, Esperantza aretoan.
- Ondarroa. Azaroak 12, 14, 19 eta 21, Kofradia zaharrean.
- Lekeitio. Azaroak 18, 20, 25 eta 28, kultur etxean.