'Kalian gora, maria behera' proiektua abiarazi du Ondarroako Udalak
Ibilbide literarioen bitartez "herria ezagutzeko" proiektua da honakoa, herriko idazleen lanetatik abiatuta. Lehendabiziko fasean, Ana Urkiza eta Kirmen Uribe izango dira protagonistak.
Ondarroako Udalaren euskara sailak Kalian gora, maria behera proiektua jarri du martxan, “ibilbidea literarioen bitartez herria ezagutzeko“. Herritarrei zein bisitariei Ondarroako txoko desberdinak ezagutzeko aukera emango dieten ibilbide literarioak izango dira, eta herriko idazleen lanak izango dituzte abiapuntutzat. Hainbat helburu barnebiltzen dituen proiektua da honakoa: “herriko idazleak ezagutzea, euskal literatura sustatzea, herria ezagutzea… euskara, sormena eta turismo jasangarria eskutik doaz ekimen honetan”. Ondarroako Udaletik adierazi dutenez, herritarrei zein bisitariei zuzenduta dago proiektua: “Ondarroako kokapen literarioak bisitatzeko ibilbideak diseinatzen ari gara herriko idazleak hobeto ezag
utzeko, eta horrekin batera, kanpotik hartzen ditugun bisitariei kultur esperientzia berriak eskaintzeko”.
Ondare kulturala eskaini eta zabaltzea da udalaren asmoa, “bisitari posibleen interesa piztuz, euskaratik eta euskaraz“. Publiko zabalari bideratutako ibilbideak izango dira, eta aipatu dutenez, denek izango dute euskara ardatz. “Herriko hainbat kale eta txoko zeharkatuko dituzten ibilbideak izango dira, idazleek beraiek aukeratuko hainbat puntu garrantzitsurekin. Puntu horietan plakak ipiniko dira, idazleak kontatzeko daukanarekin eta QR bidez ikusi ahal izango de multimedia edukiekin”.
Fase desberdinak izango ditu proiektuak, eta lehenengoa 2024ko udazkenerako egongo da prest. Fase honetako protagonistak Ana Urkiza eta Kirmen Uribe izango dira: “Ana Urkizak poesia, narratiba, haur eta gazte literatura landu ditu, eta batez ere, azken horrengatik duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Ondarroan kokatu zuelako Ondarruko piratak (Ibaizabal, 2003) kontakizuna eta haur eta gazteengana heltzeko abilezia duelako. Kirmen Uribe idazleak nazioartera hedatu du bere jarduna, eta Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) euskal literaturaren historian libururik saritu eta itzulienetako da. Horrez gain, XXI. mende hasierako euskal literaturan mugarria, Espainiako Narratiba Saria eta Kritika Saria jaso zituen eta harrezkero hainbeste hizkuntzara itzuli da”.
Leire Bilbao eta Mikel Etxaburu idazleak izango dira bigarren fasean arituko direnak, eta aurtengo azken hilabeteetan hastea da asmoa. “Hala ere, proiektu irekia da eta badu pausuz pausu handitzen eta egokitzen joateko aukera ondorengo urteetan ere”, adierazi du Ondarroako Udalak. Literatura eta paisaiak elkarrekin lotuko ditu proiektuak, “geldialdi bakoitzean aukera izango dugu idazleak inguru naturalean bertan ezagutzeko, haiek grabatutako kontakizunak eta euren liburuetatik hartutako pasarteak ikusi eta entzungo ditugu QR bidez”.
Udalaren asmoa Ondarroak XIX. mendean izandako idazleak ezagutaraztea da: “Jakina da, XIX. mendean idazle handiak izan dituela Ondarroak; hala nola: Txomin Agirre, Augustin Zubikarai eta Jose Maria Etxaburu, Kamiñazpi. Beraz, guztiak ezagutzera ematea da gure asmoa”.