Kamiñazpiko igogailuaren xehetasunak azaltzeko, bigarren auzo batzarra egin dute
Azaroaren erdian hasiko dira Ondarroako Kamiñazpi auzoko obra lanak, eta sei hilabete iraungo dute.
Urriaren 29an [martitzena] egin zuen Ondarroako Udalak Kamiñazpiko auzokideekin igogailuaren proiektua aurkezteko bigarren batzarra. Bertan, proiektuaren berezitasunak azaltzeaz gain, herritarren zalantzak argitzeko tartea ere izan zuten. “Jende asko etorri da batzarrera, eta oso pozik gaude. Eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako guztiei”, azaldu du Irina Alkorta alkateorde eta zinegotziak.
700.000 euro bideratuko dira igogailua egiteko lanetara, eta azaroan erdialdean hasita, sei hilabete iraungo dute lanek. Udaletik adierazi dutenez, lanik zailena “oinarriak jartzea” izango da: “Denbora batean lanak geldik daudela emango duen arren, ez da horrela izango. Langileak zuloa egonkortzen ibiliko dira, eta bitartean, igogailua egiten egongo dira. Bi lanak amaitutakoan, zuzenean muntatuko dute dena”. Arizmendi enpresak burutuko ditu lan hauek, eta 105 familiei emango die zerbitzua. Horrez gain, trafikoan eta oinezkoen joan-etorrian eragin puntualak izango dituela zehaztu dute, hala ere, “aurretiaz” abisatuko du Ondarroako Udalak.