Amorotoko Pepetxo kobazuloa ezagutzeko irteera egingo dute azaroaren 10ean
Bi ibilbide daude aukeran: lau kilometroko laburra edo zortzi kilometroko luzea. Kobara sartu nahi dutenek izena eman behar dute.
Amorotoko Kultur Taldearen eta Amorotoko Udalaren ekimenez, Amorotoko txoko izkutuetako bat ezagutzeko aukera egongo da domekan [azaroak 10]. Izan ere, irteera egingo dute Pepetxo kobazulora. 10:00etan elkartuko dira Amorotoko plazan, eta ibilbidea egingo dute Pepetxora. Azaldu dutenez, umeen ibilbidea lau kilometrokoa izango da, zailtasun “oso errazekoa”, eta nagusiena, aldiz, zortzi kilometroko ibilbide “erraza” izango da.
Hala, behin kobara helduta, ausartenek barrura sartzeko aukera ere izango dute. Horretarako, izena eman beharko da Amorotoko Herriko Tabernan. Hala ere, ibilbidea kobara sartu barik egiteko aukera ere egongo da. Gaineratu dutenez, bisita gidatua izango da, ADES espeleologia taldearen eskutik.