ROALeko langileek lehen lanuztea osatu dute
Gaur [azaroak 11] egin dute lehendabizikoa eta hurrengo bi egunetan ere jarraipena emango diete.
ROALeko langileen lehen lanuzte egunaLAB sindikatua ROALeko langileek lehen lanuzte eguna osatu dute gaur [azaroak 11]. Hau da, borrokan jarraitzen dute, eta martitzenean [azaroak 12] eta eguaztenean [azaroak 13] ere lau orduko grebekin jarraituko dute 05:40etik 09:40ra. LAB sindikatutik azaldu dutenez, bi soldata kobratu barik dute eta lanpostuak galtzeko “zorioan” daude. Haien “soldata, lanpostu eta etorkizunagatik” daude borrokan.
Azaldu dutenez, hitzarmenean adostutako 2024ko igoera aplikatu gabe eta nomina bi kobratu gabe jarraitzen dute oraindik, “enpresa jabeen partetik azalpenik entzun gabe eta gure lanpostuen etorkizuna zein den jakin gabe”. Egoera “jasanezina” dela adierazi dute eta horregatik “nekatuta eta nazkatuta” daudela diote: “Enpresaren errentagarritasuna ezin da langileoi lapurtuz mantendu”.
Langileen eskubideak salgai ez daudela esan dute eta horregatik, borrokan urrats bat gehiago emateko erabakia hartu dute. Horrez gain, sektoreko beste enpresetako langileak egoera berdinean aurkitzeko arriskuan daudela diote, kimiketako enpresa gehienek Cikautxorentzat egin baitute lan. Horregatik, Cikautxori dagokion “erantzukizuna” hartzea exijitzen diote, “ROALi gure soldatak ordaindu eta gure lanpostuak berma ditzan exijitzen diogun beste”.
Dei egiten diete gainontzeko kimiketako enpresetako langileei antolatu eta haien borrokara batu daitezen, beste herritar orori lez: “Antolatuta eta borrokatuta, lortuko dugu!”.