Umeek mugikorrekin duten harremanagaz arduratuta, Altza burua Lekitto taldea sortu dute
Taldea parte hartu nahi duten denentzat irekita dagoela adierazi dute. Mugikor propioa izateko adina atzeratzea da taldearen helburuetako bat.
Altza burua Lekitto taldeko kideak.Lekeitioko Udala Ume eta gazteek mugikorrari ematen dioten erabileragaz arduratuta Lekeitioko hainbat gurasok Altza burua Lekitto taldea sortu dute. Azaldu dutenez, hiru helburu zehatzekin sortu dute taldea: mugikor propia izateko adina atzeratzea, adimendun erlojuak desagerraraztea herrian bizi diren umeen artean eta gurasoen kontzientzia astintzea mugikorren erabileraren inguruan.
Hala, sare baten parte da taldea: “Euskal Herriko beste hainbat herrietako ordezkariekin informazioa eta praktika onak partekatzen ari gara, eta udalarekin ere elkarlanean gaude”. Era berean, taldea parte hartu nahi duen denentzat irekita dagoela azpimarratu dute: “Taldea irekita dago, eta gurasoei umeek mugikorrekin duten harremanaren inguruan hausnartu eta parte hartzeko deia luzatu nahi diegu”.
Gaineratu dutenez, herriko norbanakoak ez ezik, establezimenduen babesa ere lortu nahi dute. Hala, umeek telefonoa izateko adina atzeratzeko asmoz, herriko hainbat denda eta tabernatan telefonoak ipiniko dituzte: “Beste herri batzuetan egin den moduan, Lekeition ere herriko denda eta taberna batzuk identifikatuko dira. Bertan, telefonoak ipiniko dira dei bat egiteko beharrizana duten umeek aukera izan dezaten”. Hala, herriko establezimenduak ere zaintzaren parte aktibo izatera pasako dira, “komunitatearen mesederako”.
Bestalde, Lea-Artibai Mankomunitateak antolatu duen mugikorren zentzuzko erabileraren inguruko formakuntzara joateko deia egin nahi izan dute: azaroaren 18an, 20an, 25ean eta 28an izango da formakuntza, 18:00etatik 19:30era, Lekeitioko kultur etxean. Ondarroan ere eskainiko ditu formakuntza saioak Mankomunitateak: bihar [azaroak 12], eguenean [azaroak 14], azaroaren 19an eta 21ean, Kofradia Zaharrean. Markina-Xemeinen, aldiz, gaur [azaroak 11] eta eguenean [azaroak 14] izango dira azken saioak, 18:00etan, Esperantza Aretoan.
Datuak. Altza burua Lekitto taldeak hainbat datu mahaigaineratu nahi izan ditu, herritarren kontzientziak mugitzen hasteko. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailarainoko 247 ikasleren artean ea zenbatek duten mugikorra galdetu dute: hamar ikaslek badaukate, 235 ikaslek ez, eta bi gurasok umeei mugikorra emateko zalantza erakutsi dute. Era berean, DBHko lehen eta bigarren mailatan ere galdetegia zabaldu dute: 94 ikasleren artetik 25ek badaukate mugikorra, 62k ez daukate, eta zazpi gurasok zalatza erakutsi dute.