Itsas hondakinen bilketa egingo dute Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan
11:00etatik 13:00etara egingo dute itsas hondakinen bilketa Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan, azaroaren 17an [domeka]. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.
Itsas Zaintza Sareak antolatuta itsas hondakinen bilketa egingo dute Gipuzkoako kostalde osoan zehar azaroaren 17an [domeka], 6 bilketa egingo dira aldi berean, itsasoaren alde “modu zuzen eta parte hartzailean” jarduteko helburuarekin. Bilketa horietako bat Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan egingo da, 11:00etatik 13:00etara. Lehenengo orduan hondakinak bilduko dituzte, eta bigarren orduan jasotakoa sailkatuko dute, hondakin bakoitzaren ezaugarrien arabera, “jendeak arazoaren dimentsio erreala izan dezan”. Gipuzkoako 50 itsas eragile baino gehiago batuko dira Itsas Zaintza Sareak antolatutako bigarren jarduera bateratu honetan.
Antolatzaileek bertaratzeko deia egin die herritarrei: “Itsasoaren egoeraz kezkatuta bazaude, gerturatu zaitez sarea ezagutzera. Eman izena eta batu ekintzara! Izan itsas zaindari!”. Horrez gain, hondakin bilketarako ura, hamaiketakoa eta arropa erosoa eramateko aholkua eman dute antolatzaileek. Itsas hondakinen bilketan parte hartzeko izena eman beharko da; 692 22 92 78 telefono zenbakira deituta edo itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera mezua bidalita.