Lea-Artibai eta Mutrikun "material asko" bildu dute Valentziarako
Hondamendiak eragindako kaltetuei laguntzeko asmoz, joan den aste amaieran eroan zuten bildutako materiala Valentziara Lekeitio, Ondarroa eta Mutrikuko herritarrek.
Denboraleak gogor jo zuen Valentzian joan den urriaren 29an. Ordutik hamaika izan dira bertara laguntzera joan direnak, tartean, baita Euskal Herriko larrialdi zerbitzu nahiz herritarrak ere. Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek ere euren aletxoa ipini nahi izan dute hondamendiak eragindako kaltetuei laguntzeko. Hala, material bilketak egin zituzten joan den astean Lekeition, Mutrikun eta Ondarroan.
Janaria eta erropa “nahikoa” zituztela-eta, bestelako materiala biltzeari ekin zieten hiru herrietan. Ondarroan, esaterako, uretako botak jaso zituzten. Ondarroako Udalak adierazi duenez, bota “asko” batu zituzten, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete lagundu duten herritarrei: “Eskerrik asko guztioi zuen elkartasunarengatik”. Udalaz gain, Ondarruko Gaztetxeak ere material bilketa egin zuen, eta denetariko materiala batu zuten.
Mutrikun ere, gaztetxea izan zen material bilketa aurrera eroan zuena. Joan den eguazten eta eguenean [azaroak 6 eta 7] egin zuten bilketa, eta material ugari batu zuten: “Eskerrik asko denoi ekarritako material guztiarengatik”. Hala, joan den astea amaitzerako bildutako materiala bilketa handiagoetara eroan, eta Valentziara bideratu zuten.
Lekeition lagun talde batek antolatu zuen material bilketa: “Hasieran lagun taldean egiteko zerbait zen, baina, hiru furgoneta gindoazenez, Lekeition deialdia zabaltzea erabaki genuen”. Hala, martxan ipini, eta espero baino material gehiago batu zuten: “Jasotzeko puntua Lurberri loradendan ipini genuen, eta jaso genuen material guztia organizatzeko beste talde bat sortu behar izan genuen. Bost lagun ibili ziren dena antolatzen; pentsa baino gauza askoz gehiago eroan genituen”.
Lekeitiarrak Massanassa, Alfafar eta Benetuserren aritu ziren materiala banatzen, eta Bilboko Suhiltzaileei esker, banaketa etxez etxe egin ahal izan zuten: “Eurek esan ziguten nondik sartu, eta nahikoa laguntza eduki genuen eurenaldetik. Etxez etxeko banaketa ezin zen egin, baina guk egin ahal izateko zortea eduki genuen. Hori zen helburua, etxez etxeko banaketa egitea, eta lortu egin genuen Bilboko Suhiltzaileei esker”.
Gorabeheraren bat tarteko, “ondo” joan zela esan dute: “Egia esan, uste genuena baino behar gutxiago zuten, eta hori seinale ona izan zen. Beharra zuen jendea oso eskertuta agertu zen herritarrengandik jasotzen ari diren laguntzaren aurrean. Eskerrak eman nahi dizkiogu lagundu dutenei, eta esan nahi diegu jende asko dabilela han lanean. Denak dabiz lanean jo eta su”.