Ekiolako hitzaldiak egongo dira azaroan eta abenduan
Ondarroan eta Lekeition eskainiko dituzte hitzaldiak; lehenengoa Ondarroan izango da, azaroaren 26an. Informazio bulegoak ere egongo dira bi herrietan, eta baita Markina-Xemeinen ere.
Ekiola Lea-Artibai proiektua Bizkaian sustatu den lehenengo eguzki energia sortu eta kontsumitzeko herri kooperatiba izango da. Eskualdeko 650 familia edo saltoki txikien energia beharrak asetuko dituen ekoizpena egingo du; adierazi dutenez, helburua 2025eko martxorako martxan egotea da.
Hala, horren harira hainbat hitzaldi eta informazio gune eskainiko dituzte azaroan eta abenduan. Azaldu dutenez, saio eta informazio puntu horietan proiektuaren datu zehatzak azaldu eta bakoitzaren txosten pertsonalizatua egingo dute, baldin eta kontsumo elektronikoaren egungo faktura aurkezten badute: “Txosten horrek parte hartzeko baldintzei buruzko informazio zehatza jasotzen du, familia bakoitzaren kontsumoaren araberakoa izango dena.
Ondarroan datorren martitzenean [azaroak 26] eskainiko dute hitzaldia, 18:30ean, kofradia zaharrean. Lekeition, ostera, abenduan eskainiko dute hitzaldia: abenduaren 12an, 18:30ean, kultur etxeko Azkue aretoan elkartuko dira.
Informazio bulegoa ere ipiniko dute. Azaroaren 27, 28 eta 29an Ondarroako udaletxeko erregistro orokorrean egongo da, abenduaren 4 eta 5ean, Markina-Xemeingo kultur aretoan, eta abenduaren 13, 16 eta 17an, Lekeitioko turismo bulegoan.
Hitzaldiak eta informazio saioak.
- Ondarroa.
- Azaroak 26. Hitzaldia, 18:30ean, kofradia zaharrean.
- Azaroak 27, 28 eta 29. Informazio bulegoa, udaletxeko erregistro orokorrean.
- Markina-Xemein.
- Abenduak 4 eta 5. Informazio bulegoa, kultur aretoan.
- Lekeitio.
- Abenduak 12. Hitzaldia, 18:30, kultur etxeko Azkue aretoan.
- Abenduak 13, 16 eta 17. Informazio bulegoa, turismo bulegoan.