Santi Brouarden erailketaren 40. urteurrena, herritarren memorian
40 urte bete dira gaur [azaroak 20] GALek Santi Brouard Perez ezker abertzaleko militantea bere pediatrako kontsultan hil zuenetik. Lore eskaintza egin dute herritarrek eguerdian; domekan [azaroak 17] ekitaldia egin zuten 'Borrokia derriorra da' lemapean.
Eskerrak herriak ere, bere memoria daukan. Hala amaitu du lehenengo bertsoa Xabat Galletebeitiak gaur [azaroak 20], Santi Brouarden erailketaren 40. urteurrenean. Sortuk deituta, udaletxetik hilerrirainoko bidea egin dute herritar ugarik, eta Brouarden hilobira heltzeagaz batera, krabelin gorriak eskaini dizkiote.
Borrokia derriorra da lemapean elkartu dira gaurkoan ere herritarrak, eta halaxe amaitu du bertso-sorta Galletebeitiak ere: “Arriskatu, mugitu eta busti egin behar gara. Erosotasun guneak galtzeak duen dardara. Borroka bide bakarra, ez da izango beharbada, baina, ezer lortzekotan, borroka derrigorra da”. Brouardegaz batera, Josu Muguruza ere oroitu dute. Ekitaldiagaz amaitzeko, urtero moduan, Eusko Gudariak abestu dute.
Lekeitioko Udalak ere, Brouarden erailketa gogoratu du: “Gaur 40 urte bete dira Santi Brouard Perez lekeitiarra bere Bilboko kontsultan erail zuela GAL talde terroristak. Udaletik memoria osoa, egia eta erreparazioa eskatzen dugu, berriro horrelakorik gerta ez dadin. Santiren familiarentzat besarkada estu bat”.
Domekan [azaroak 17], ostera, omenaldia egin zuen Sortuk Brouarden omenezko monolitoan. Herritar ugari bertaratu ziren, eta Sortuko kideez gain, Santiren senide eta lagunek ere hartu zuten hitza. Sortuko kideek Lekeitioko memorian “oso presente” dagoen eguna dela nabarmendu dute: “Euskal Herriaren aurka, Estatuaren errepresio estrategiaren ekintza bat gehiago izan zen Santiren erailketa. Garai horretan, Santi, balio eta prestigio handiko militantea eta pertsona zen. Oso maitatua zen bai herrian eta baita Euskal Herri osoan ere; ikusi besterik ez dago Bilboko eta Lekeitioko kaleak nola bete ziren bera agurtzeko”.