“Ezin hobeto” joan da Erroak Loran
Barikuan [azaroak 29] San Pedro Eliza txiki geratu zen Jesus Aranbarriren omenezko kontzertuan.
Azken asteburuak bete-beteak izan dira Berriatuan. Lehendabizi, elikagai, artisau eta animalien azoka eta ostean Erroak Loran jaialdia. Berriatuarrak elkartzeko eta ondo baino hobeto pasatzeko aukera anitz izan dituzte.
Barikuan [azaroak 29] Jesus Aranbarriren omenezko kontzertua eskaini zuten Leire Gomez soprano ondarrutarrak eta Itziar Barredo repertoristak. Ordubeteko emankizuna izan zen, eta musikaz gain Muniosoloko Baserriko musikaegilearen inguruko ibilbidea, istorioak eta bitxikeriak kontatu zituzten. Kontzertu bat baino gehiago izan zen. Jakinmin horregaz, asko izan ziren San Pedro eliza bete zuten herritarrak. Horrenbestez, egitasmoa “arrakastatsua” izan zela nabarmendu dute, aspaldi ez zutela hain beteta ikusten eliza. Hain zuzen ere, Goikolau Elkarteak aurten Berriatuko musika eta musikariak omendu nahi izan ditu.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Hala ere, egunik handiena zapatukoa [azaroak 30] izan zen: berriatxurron jaia. Gainera, eguraldia lagun izan zuten, giro eguzkitsu eta tenperatura epelekin. Hasteko, Lami eta Maru herriko erraldoiak ostera ere, sangregorioetan lehen aldiz egin bezala, kalera atera ziren. Haien helburu nagusietako bat herriko jai egun nagusienetan parte hartzea zen eta konpainiakoek ez zuten hutsik egin. Gero, Mendibarren frontoiko bazkarian 350 lagun inguru elkartu ziren.
Bazkalostea herriko musika taldeek hartu zuten karpako oholtza: Karkaxi, Initargi, Bizkaiblues, Orrues, Desein eta Izarra Konpainiak. Gauerdira arte baino gehiago luzatu zuten Erroak Loran. Zapi arrosagaz ezin hobeto igaro zuten eguna berriatuarrek, kuadrilla handi bat bailitzan.