Etxebarriko San Andres jaietan "jende ugari" ibili da
Briska txapelketan, esaterako, guztira 22 bikotek eman zuten izena. Gazteen artean onenak Naia Espilla eta June Markiegi izan ziren, eta nagusietan, ostera, Antonio Guenaga eta Andres Gandiaga.
Abenduari ongi etorri beroa eman diete etxebarritarrek, izan ere, San Andres jaietan bete-betean murgilduta igaro dute asteburua. Etxebarriko Udala pozik agertu da aurten jaiek izan duten erantzunagaz: “San Andres Eguna zapatua izan zen, eta hori nabaritu genuen. Jaien balorazio ona egiten dugu. Zapatua izan zenez, briskan bikote asko apuntatu ziren, eta afaria ere, oso ondo joan zen”.
Zapatuan [azaroak 30], goiz nahiz arratsalde, ume eta nagusientzkao herri kirol jokoak egon ziren; “Jende ugari” ibili zela adierazi dute udal ordezkariek. Arratsaldean, ostera, ohiko briska txapelketari ekin zieten. Guztira 22 bikotek eman zuten izena, zortzi bikotek gazteen mailan (17 urtetik beherakoak) eta hamalu bikotek nagusien mailan (18 urtetik gorakoak). Partaidetzagaz “oso pozik” geratu dira udal ordezkariak: ” Gazteen mailako bikote asko etorri ziren”. Hurrengoak izan ziren irabazleak:
Nagusietan:
- Antonio Guenaga eta Andres Gandiaga
- Leire Etxaniz eta Ibon Ruiperez
- Juanjo Etxaniz eta Mari Tere Etxaburu
- Oihane Balsera eta Iraitz Legarra
Gazteetan:
- Naia Espilla eta June Markiegi
- Oier Cuende eta Laia Albizu
- Ekain Ugaldea eta Ekhi Sanz
- Lia Aierdi eta Ane Guenaga
Briskagaz amaituta, sanandresetako kartel lehiaketako sariak banatu zituzten. Denetariko kartelak aurkeztu dituzte herritarrek, baina, denek eduki dute San Andres jaien bereizgarria: txerria. Hala, guztira lau sari banatu zituzten. 0-5 urte bitartekoen artean Joar Arrietaren lana izan zen onena; 6-9 urte bitartekoen artean, Ane Guenagarena; 10-16 urte bitartekoen artean, Nora Gomezena, eta, nagusien artean Arantza Ugarterena.
San Andres Eguna goi-goitik amaitzeko, frontoian elkartu ziren etxebarritarrak. Afarian ere, antolatzaileek esan dutenez, nabaria zen zapatuaren eragina. Hori horrela, frontoia goraino beteta afaldu zuten herritarrek, jaiei amaiera ezin hobea emanez.