Inhar Urruzuno, Bizkaiko txapeldun
Inhar Urruzunok Bizkaiko Harri Jasotze Txapelketa poltsikoratu zuen zapatuan [azaroak 30], Arratzun. Ondarrutarra nagusi izan zen lehia osatu zuten hiru jardueretan.
Inhar Urruzuno harri jasotzaile ondarrutarrak bere maila berretsi zuen iragan zapatuan [azaroak 30], Arratzun lehiaturiko Bizkaiko Harri Jasotze Txapelketan. Garaipen handia lortu zuen, Bizkaiko onenaren txapela eman ziona. Urruzunok azken hiru aldietako garailea, Jon Gisasola Zelai izan zuen arerio nagusi, baita Eneko Bilbao eta Alex Merlo ere. Egitekoei dagokienez, hiru izan ziren: 112,5 kg-ko kopa, beste horrenbesteko kubikoa eta 100 kg-ko bola; harri mota bakoitzagaz hiru minutuko altxaldiak egin behar izan zituzten.
Lesio batetik berreskuratu berri ailegatuta ere, Urruzunok txapelketaren lehen txanpatik irabazteko moduan eta maila lehiakorrean zegoela erakutsi zuen: zortzi altxaldiko arrakala zabaldu zuen Gisasolarekiko, kopagaz; kubikoagaz eta bolagaz, ostera, bi eta bat gehiago egin zituen, hurrenez hurren. “Gisasola neure orduko hasi zen, zozketak hala zehaztuta, eta horrek kalitatezko erreferentziak edukitzea ahalbidetu zidan; kopagaz alde nabarmena egin ondoren, konfiantzaz hartu nituen gainontzeko eginbeharrak ere, eta biak ala biak irabazi ahal izan nituen. Azkenean, hiru egitekoetan maila handian aritzea lortu nuen, erregulartasunez eta itxura sendoa erakutsiz”, azaldu du irabazleak.
Urruzunok 8587,5 kilo altxatu zituen guztira; Gisasolak, 7362,5 kilo; Bilbaok, 5650 kilo; azkenik, Merlok, 5225 kilo. Garaipen horregaz, bederatzi dira Urruzunok jantzitako Bizkaiko txapelak: “Pozarren nago, mailagatik eta garaipenagatik. Aurrerantzean, ez daukat helburu handirik iragarrita, baina gogor entrenatzen jarraituko dut; 37 urte edukita ere, goi mailan aritzeko beste naizela frogatzen segitzeko asmoa dut”.