Iñigito Txapelpunkek audio ipuin musikatuak sortu ditu
Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokako bere postuan jarriko ditu eskuragarri. Bi aurrerapen egin ditu.
Esan ohi da denok daramagula ume bat gure barnean, Iñigito Txapelpunk abeslariak, berriz, asko ditu. 2018an esnatu ziren, EH Magikoa ipuin bilduma sortu zuenean. 2020an aurkeztu zuen bildumako lehen liburua Gabonetako ipuinak eta hurrengo urtean bigarrena, Ipuin hunkigarriak. Orain, berriz, beste urrats bat eman du, bigarren fase batean sartu da eta audio ipuin musikatuak sortu ditu.
Bertan, besteak beste, Gabonetako hiru audio ipuin musikatu (soinu banda originala), hamar bideoklip, Munduko magoak ipuin bideoklipa eta margotzeko marrazkiak aurkitu daitezke USB formatuan. “Magiaren kontura asko hitz egiten da. Ume batek besarkatzen gaituenean edota irribarrea oparitzen digutenean… Kili-kili hunkigarriak sentitzen ditugu tripa barruan. Hori da benetako magia eta beste guztia ipuin bat. Umeak dira, eta beti izango dira munduko magoak”, azaldu du.
Durangoko Azokan aurkeztuko ditu abenduaren 5etik 8ra, postua jarriko baitu bertan. Dagoeneko bi aurrerapen egin ditu: Miren eta Olen eta Txiki handia zara.