Lau herrien arteko karta txapelketa jokatu dute eskualdean
Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarko hainbat jubilatuk karta txapelketa lehiatu dute.
Joan den barikuan [azaroak 29] eskualdeko jubilatuen elkarteen eskutik, lau herrien arteko karta txapelketa lehiatu zuten hainbat jubilatuk. Berriatuko, Ziortza-Bolibarko, Etxebarriko eta Markina-Xemeingo karta joko zaleek parte hartu zuten. Briskan, musean nahiz tutean aritu ziren, eta herri guztietako partaideek eskuratu zuten saria.
Briskan, esaterako, Ziortza-Bolibar izan zen irabazlea, eta euren atzetik geratu ziren etxebarritarrak. Musean, ostera, Etxebarriak eskuratu zuen garaipena, eta Berriatuak bigarren postua lortu zuen. Tutean ere, etxebarritarrek irabazi zuten; bigarren, Markina-Xemein geratu zen.