Hondakinak bereizteko zaborrontziak ipini dituzte Markina-Xemeingo alde zaharrean
Markina-Xemeingo Udalak banakako zaborrontziak kendu eta gaikakoak ipini ditu: papera eta kartoia, ontzi arinak, errefusa eta organikoa sailkatuta bilduko dituzte.
Markina-Xemeingo Udalak alde zaharreko zaborrontziak aldatu ditu. Adierazi dutenez, banakako zaborrontziak kendu, eta hondakinak bereizteko zaborrontzi gehiago ipini dituzte. Orain arteko kaleetan ipinita egon diren banakako zaborrontziak “modu desegokian” erabili direla adierazi dute, “orotariko hondakinak bota izan direlako bertara”.
Hala, beharrezkoa ikusi dute arazoari irtenbidea ematea: “Hondakinen eredu berriaren hausnarketaren baitan arazo honi irtenbidea eman beharra ikusi da, eta horregatik hartu dugu neurri hau”. Hori horrela, lau hondakin motarentzatko ontziak ipini dituzte hainbat tokitan; papera eta kartoia, ontzi arinak, organikoa eta errefusa sailkatuta jasoko dituzte.