Adimen artifizialaren inguruan kontzientziatuz
Teknologia berrien garapena gero eta azkarrago doan gizartean, Lea Artibai Ikastetxeko zenbait irakaslek horren aurrean ikasleak formatzeko beharra sumatu dute. Horietako bat da Kattalin Mendibe Gandiaga ekonomia ikasgaiko irakaslea. Adimen artifizialari ikasleek ematen dioten erabilpenagaz arduratuta dagoen arren, beste erreminta bat gehiago izan daitekeela uste du.
Adimen artifizialari begira dago gizartea. Arriskuak, onurak, laguntzak nahiz zailtasunak, denetarik ekar dezake, baina, zalantza da nagusi. Egunerokotasunean adimen artifiziala erabiltzea Black Mirrorren kapitulu soil bat izatetik urrun dago; errealitate bat da jada. Aurtengo azaroaren 9an, esaterako, Alicia Framis katalana adimen artifizialeko holograma batekin ezkondu zen; AA batekin ezkondu den lehenego gizakia izan da.
Halako gertaerak, oraingoz, salbuspena diren arren, teknologia esku-eskura izanda jaio diren umeak nagusitzen ari dira, eta, adimen artifiziala ere heldu da euren bizitzetara. Nola ez, euren onurarako erabiltzen dituzte erremintak eskaintzen dituen aukera guztiak. Baina, kontziente al dira izan ditzakeen arriskuez? Lea Artibai Ikastetxeko Kattalin Mendibe Gandiaga ekonomia ikasgaiko irakasleak adimen artifizialak eta ekonomiak duten lotura lantzen du lehenengo mailako Batxilergoko ikasleekin: “Eurek erabiltzen duten erramintaren kontziente izatea da helburua. Kontziente izatea zenbat informazio ematen dieten mugikorrei, ordenagailuei eta bestelako aparatuei”.
Adimen artifiziala ez dagoela “hutsa” ikusarazi nahi die Mendibek: “Dena dauka bere barruan. Segurtasuna, metodo zientifikoak, programazioa, matematika…, baita sormena ere. Horrek, gure gaitasunak gutxiesten ditu”. Eta hori, hain zuzen ere, “asko” ikusten duela gelan nabaritu du: “Lanak egiteko orduan, askok eta askotan erabiltzen dute adimen artifiziala. Sormena landu behar dela errepikatu arren, ez da erraza hortik irtetea, ze, dena dute eskura. Dena jasotzen dute eginda adimen artifizialarengandik”.
“Arazoa ez da eboluzioa, honi eman diezaiokegun erabilera desegokia baizik”
Kontzientzia pizteko asmoz, esaterako, adimen artifiziala zelan elikatzen den ikasten dute. Mendibek azaldu duenez, neurona sareak erabiltzen dituztela ikasten dute: “Ez da programatutako gauza bat, baizik eta guk sartzen ditugun gauza guztiekin ikasten du. Datu base handi bat da”. Ildo beretik, neurona sare artifizialen inguruan ere ikasten dute: “Adimen artifizialaren garuna da, konputagailu tekniko bat. Giza neuronen funtzionamendua du, eta gizakiaren garuna imitatzen saiatzen da”.
Mehatxua edo abantaila? Funtzionamendua ikasteaz gain, mehatxu eta abantailetan ere sakontzen dute. Mendibek adierazi duenez, ikasle asko eta asko ez dira kontziente sor ditzakeen arriskuez: “Ez dituzte arriskuak ezagutzen. Jende asko lan gabe geratu da AA-aren garapenarengatik, zeregin batzuen kostua gutxitu da, lanak txarrago ordainduta daude… Prozesuen errendimendua hobetzen du, baina gurea ez”. Galerak soilik ez, onurak ere aztertzen dituzte ikasgelan: “Beste aldean, sortu diren lanpostu berriak daude. Lan batzuk desagertzea probokatu duen arren, beste batzuk ere sortu ditu adimen artifizialak”. Horren aurrean, Mendibek uste du trantsizio mailakatua dela egokiena.
Ikasleek ez ezik, irakasleek ere harreman zuzena dute adimen artifizialagaz. Askok mehatxu bezala ikusten duten arren, Mendibek ez du gaizki ikusten erabiltzea: “Dena AA-rekin egitea uste dut ez dela egokia, baina, erreminta osagarria baldin bada, ez dut txarto ikusten ikasleek erabiltzea. Teknologia berrien aurrean gaude, eta gizakion beharrak asetzeko sortuta daude, etengabe eboluzionatuz. Arazoa ez da eboluzioa, honi eman diezaiokegun erabilera desegokia baizik”.
Hala, gaiaren inguruan sentitzen duen desinformazioaren aurrean, formakuntza falta dagoela sumatzen du: “Askotan pentsatu izan dut gai honen inguruan ikasleek gehiago dakitela irakasleek baino; ondorioak ez dituzte ikusten, baina erabilpena berdin-berdin ematen diete. Azken finean, egunerokotasunean denoi eragiten digun zerbait da, zuzenean edo zeharka, eta badago beharra irakasleok horri buruz formatzeko. Gero eta gehiago erabiltzen da, eta ez dakigu zein den aurre egiteko bide egokia”.
Gela interaktiboak. Lea Artibai Ikastetxean saiatzen dira teknologia berri horiei heldu eta euren ikastetxean txertatzen. Besteak beste, bi gela interaktibo eta errealitate birtualeko gela bat dituzte. Iñigo Garcia Olea IKT ikasgaiko irakasleak azaldu duenez, edozein ikasgaitan erabiltzeko moduko gelak dira interaktibo deitu dituztenak: “Ikaskuntzarako ingurune bat da, XTable mahaiak eta XWalls (hormetako proiekzio murgiltzailea, interaktiboa eta IR laser teknologiaz hornitua) konbinatzen dituena. Fitxategiak mahaien artean eta gelako hormekin partekatzeko aukera ematen dute. Horietarako, irakasleok ikasgaiak prestatzen ditugu, eta jokoen edo erronken bidez, pantaila horietan agertzen, irudikatzen da ikasi beharrekoa”.
Garciak adierazi du adimen artifizialari erabilpena ematen diotela halako geletan: “Makina bera erabiltzeko agian ez dugu horrenbeste ikusten AA-aren erabilera, baina, hor erabiltzeko behar dugun materiala sortzeko bai. Bai errealitate birtuala erabiltzeko, bai gela interaktiboetarako adimen artifiziala edukiak sortzeko behar-beharrezkoa dugu”.