Neguko bertoko gastronomia eskainiko dute zapatuan Amoroton
Zapatuan [abenduak 7] hainbat jaki desberdin dastatzeko aukeraz gain, txerria burduntzian erreta ere jan ahalko da. Aurten, berritasun modura, artisauen postuak ere egongo dira.
Abendua hasteagaz batera galdu eziniko hitzordua bihurtu da bertokoentzat Abenduan, on egin! gastronomia azoka. Aurtengoa ere, heltzear dago: etzirako [abenduak 7] azken prestaketak egiten ari dira Amorotoko Udala eta Amorotoko Kultura Elkartea. Urtero “oso ondo” funtzionatzen duen formulari, aurten berritasunen bat ere gehitu diete.
Antolatzaileek adierazi dute, aurtengo antolaketa “beti bezala” eroan dutela aurrera: “Urtero legez, erosketak egin eta herritarren artean banatu ditugu. Taldeka edo familiaka egingo ditugu lanak. Kuadrila batek karakolak egingo ditu, beste familia batek postreak, beste batzuek taloak…”. Denetarik egongo den arren, jakin guztiek edukiko dute ezaugarri berdin bat: “Gabonetako jaki tradizionalak dira denak. Azoka hau Gabonei edo abenduari hasiera ematearekin lotzen dute askok, eta ohitura dute jada etortzeko. Herritar asko elkartzen gara egun horretan, eta ingurutik ere, jendea etortzen da”.
Hala, bertaratzen direnek eguerdia jo orduko dastatu ahalko dituzte jakiak. Odolostea eta txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz esnea, intxaur saltsa eta sagar saltsa banatuko dituzte. Gaineratu dutenez, barra bat ere ipiniko dute, eta taloek ere, ez dute hutsik egingo: “Taloaren masa egunean bertan egiten dute, eta 10-12 lagun inguru ibiltzen dira horiek prestatzen. Ilara luzeak sortzen dira urtero, jende mordoa egoten da”.
Eguneko jaki izarretako bat dastatzeko aukera, 14:00ak inguruan helduko da: Amorotoko Telleri baserrian hazitako Eustakio txerria jateko aukera egongo da. Burduntzian erreko dute, eta pintxoak eskainiko dituzte, bazkari modura.
Eguerdiko jarduna girotzen Eingo taldeko ikasle gazteak egongo dira, eta 16:00etan, Eingo Erromeriak hartuko die erreleboa. Hala, giro ederra ziurtatuta dute: “Euren formatuari jarraituz, eszenatokirik barik eskainiko dute kontzertua, jendeak parte hartzeko asmoz. Dantzatzeko eta kantatzeko aukera egongo da. Iaz hala egin genuen eta ondo funtzionatu zuen, eta aurten errepikatu egin nahi izan dugu”.
Artisauak. Ondo funtzionatzen duena berritasunekin osatu nahi izan dute antolatzaileek. Hala, artisau postuak ere egongo dira frontoian: “Lehenengo aldiz egongo dira. Euren produktuak erakusteko egun eta toki ona dela uste dugu”. Hori horrela, ogia eroango du Oraskak, gozoak eroango ditu Labegurrek, euskal makilak, ostera, Kasperrek, eta poltsak, akuarelak eta bestelako artisau produktuak, Irene de Madrazok.
Azoka osatua prestatu dute amorotorarrek, eta gogoz daude eguna heltzeko. Gaineratu dutenez, urtero bezala, jende ugari espero dute: “Jendeak etortzeko ohitura hartuta dauka, eta espero dugu aurtengoan ere hala izatea. Lekeitiotik jende asko etortzen da, eta herrikoak ere, asko egoten gara. Frontoia handia da, baina eguerdi inguruan bete egiten da”. Hori horrela, eguerdiko eta arratsaldeko jardunaren ostean, 19:30 ingururako amaituko dute jaia.