Ondarroako Portuko Udal Kontseilua eratu dute
Lehenengoa Mutrikun eratu zuten, eta bigarrena, Ondarroan, azaroaren amaieran. 2024a amaitu aurretik Getariako, Elantxobeko eta Eako Portuko Udal Kontseiluak deitu dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren Portuko Udal Kontseilua eratu zen Ondarroan, azaroaren amaieran, Amaia Barredo sailburuak jakinarazi zuenez. Irailean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua, eta ordutik, bigarrena da Ondarroakoa, lehenengoa Mutrikun eratu zen. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dauden eta portuen arloko kide anitzeko aholkularitza, kontsulta eta eztabaida organoak dira.
Portuak hartzen duen espazio fisikoa kokatutako udalerriaren parte dela adierazi zuen Amaia Barredok: “Lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Ez da lurralde zati isolatua. Portuko esparruan interes ugari elkartzen dira. Hori dela eta, beharrezkoa da, beraz, eragileek parte hartzea errazteko mekanismoak eta tresnak ezartzea”.
Horrez gain, Barredok Ondarroako portuko sarearen garrantzia azpimarratu du: “Asko dira gizarte eragileak eta alturako eta baxurako ontzidiak, bertan daude kofradiak ere, arrainak eta deribatuak merkaturatzen dituen sare handi bat dago, udalerriaren zati handi bat portu eremua da, inbertsio handiak hartzen dituen portua da, eta hor dago Egidazu kaia konpontzekoa. Oraindik ere, aisialdiko nautika EKPri transferitu gabe dagoen arren, dagoeneko ari gara bere kudeaketa berria aztertzen. Ondarroako Portuko Udal Kontseilu berriak lan handia du aurrean”.
Datozen asteetan Portuko Udal Kontseiluak eratzen joango dira, Eusko Jaurlaritzako Leandro Azkuek, Koldobika Goitiak eta Edurne Egañaren laguntzagaz. Hurrengo herri hauetan eratuko dira datozen egunetan: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. 2024a amaitu aurretik deituta daude, Getariako, Elantxobeko eta Eako Portuko Udal Kontseiluak.