ADES espeleologia elkartea Ispasterko Basoberri kobazuloan aritu da lanean
Asteburuko muturreko eguraldia kontuan hartuta bertaratu dira Goierri auzoko kobazuloetara.
Espeleologia espedizioen planifikazioan, “ezinbestekoa” da meteorologia kontuan hartzea. Horregatik, asteburuan izan den muturreko eguraldiagaz, hurbiltze martxa gutxi eta uholde arriskurik ez duten lurpeko galeriak aukeratu dituzte ADES espeleologia elkarteko kideek haien ikerketa lanak egiteko. “Kanpoan zegoen haizearen txistuak eta euri zaparradak entzuten genituen, baina gu barruan siku eta epel geunden”, esan dute.
Hain zuzene ere, Ispasterko Goierri auzoan kokatuta dauden Basoberri kobazuloetan aritu dira lanean, 2009an deskubritu zituzten eta hurrengo urtean aztertu. Abittara-Trakamail sistema hidrografikoaren iturburu diren kobazulo bi errebisatu dituzte, “bietan esploratzen jarraitu daitezkeen bide posibleak identifikatuz, eta bertan bizi diren animalien laginak jasotzen”. Lehenak, denek bezala, egiteko dituzten esplorazio pendiente ugarien zerrendan apuntatua zuten, “ezinezkoa baita espeleologian eginbehar barik gelditzea”. Eta bigarrenak, ostera, modu egokian etiketatu eta alkoholetan gorde eta gero, Carlos Prieto zoologia irakaslearen bildumara bidaliko dituztela esan dute, ikerlarien esku gera daitezen.