Zabalik dago Egia-Iriondo Memorialerako izen-ematea
Lasterketa zapatuan [abenduak 14] egingo dute. Izen ematea barikura [abenduak 13] arte egongo da zabalik.
Eskualdeko korrikalariek urteari amaiera ezin hobea emateko aukera edukiko dute zapatuan [abenduak 14]. Urteroko formulari jarraituz, aurtengoan ere Berriatua eta Ondarroa lotzen dituen Egia-Iriondo herri lasterketa egingo dute; kirol eta jai giroak ez dute hutsik egingo zapatuan Ondarroan. Hala, izen ematea zabaldu berri dute: gaurtik [abenduak 10] hasi eta barikura arte [abenduak 13] eman ahalko da izena, doan, Ondarroako turismo bulegoan (19:00ak arte).
Korrikalari gaztetxoneek emango diete hasiera egunari. 11:15ean aterako dira HH, LH1 eta LH2. mailetako korrikalariak, eta 300 metroko ibilbidea egingo dute, Zeledoniotik hasita. Hurrengoak, LH3eta LH4koak izango dira: 11:20an irtengo dira toki beretik, eta ibilbidea ere, berdina egingo dute. Gaztetxoen azkenengo lasterketa LH5 eta LH6koena izango da: 11:30ean irtengo dira Zaldupeko zubitik, eta 500 metroko ibilbidea egingo dute. Azkenik, lasterketa nagusiko parte hartzaileak irtengo dira, 12:00etan, Berriatuatik. Urtero bezala, aurtengoan ere Berriatuara joateko autobusak 11:20an eta 11:40an irtengo dira, Astilleruko geltokitik.
Sari banaketa. Lasterketa amaituta, sari banaketa Kofradia Zaharraren aurrean egingo dute. Ume guztiek eskuratuko dute saria. Nagusien artean, aldiz, irabazleek txapela eta trofeo bana irabaziko ditu; podiuma osatzen dutenek ere trofeoa eskuratuko dute. Hala, hiru mailatan banatuta emango dituzte lasterketa nagusiko sariak: orokorra, gazteak (12 eta 16 urte bitartekoak) eta masterrak (40 urtetik gorakoak).