Goxua Txapelketan 60 pilotari ohi kantxaratuko dira
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak seigarrenez antolatu du Goxua Txapelketa. Eguenean [abenduak 12] hasiko da txapelketa, eta martxoaren 28ra arte luzatuko da.
Eguenean [abenduak 12] ekingo diote lehiari Markina-Xemeingo Master Goxua Txapelketan. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak seigarrenez antolatu du txapelketa, eta aurtengoan 60 pilotari ohi kantxaratuko dira. Atzo [abenduak 9] iluntzean egin zuten aurkezpena antolatzaileek, Markina-Xemeingo frontoi txikian.
Izan ere, bertan jokatuko dituzte partidak. Eguenean [abenduak 12] hasi, eta martxoaren 28ra arte luzatuko da txapelketa. Aurtengoan, partidak asko ez atzeratzeko asmoz, arau bat gogortu dutela adierazi du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak: “Iaz, esaterako, partidak atzeratzen uzten genuen. Aurten, ostera, ez dugu utziko. Eguenetik domekara pilotariek ahal dutenaren arabera jokatuko dira partidak, baina astean bertan jokatu beharko dira, bai ala bai”.
Hori horrela, eguenetatik domeketara izango dira partidak jokatzeko egunak. Bi mailatan banatu dituzte pilotariak. Lehenengo mailan hamazazpi bikotek jokatuko dute, eta bigarren mailan, ostera, hamahiru bikotek. Maila bakoitzean ere, taldetxoak egin dituzte: “Lehenengo mailan hiru talde egin ditugu. Hamazazpi bikote daudenez, bi talde sei bikotek osatuko dute, eta beste bat, bost bikotek; talde batetik bi bikote, eta beste bietatik hiru bikote sailkatuko dira hurrengo faserako. Bigarren mailan, aldiz, seiko talde bat eta zazpiko beste bat egin ditugu, eta talde bakoitzeko lau bikote sailkatuko dira”.
Gehienbat, bertoko pilotari ohiak izango dira parte hartuko dutenak, besteak beste, Markina-Xemein, Etxebarria, Aulesti, Lekeitio eta Munitibarko pilotariak ariko dira. Hala ere, gipuzkoarren bat eta gernika-lumotarren bat ere egongo da tartean.
Aste honetan zazpi partida jokatuko dituzte.
Hurrengoak dira lehenengo mailan parte hartuko duten bikoteak: Muñozguren-Kato, Onagoitia-Urizar, Mujika-Esnaola, Andoni Aldape-Jon Aranburu, Zugadi-Gorosabel, Iñakito-Agarre, Unai Uzuriaga-Xabat Uzuriaga, Perran anaiak, Ibai Zubiria-Gomez, Uriguen-Azurmendi, Anso-Legarra, Varela-Unanue, Latxi-Goitia, Txirloi-Allenda, Berasaluze-Gerena, Gorostizaga-Arandia eta Xabi Urteaga-Koldobika Puente.
Bigarren mailan ostera, ondorengoek parte hartuko dute: Zorion Kareaga-Agirregomezkorta, Adorrixa-Gandixa, Laka-Alex Arrate, Igor Jaio-Aitxulua, Aitor Atxurra-Xabi Malaxetxebarria, Ekain Amoto-Oier Urrutia, Aritz Bustindui-Ezpeleta, Anitua-Basterretxea, Asier Egaña-Igor Loidi, Andoni-Jokin, Peio Etxebarrieta-Aner Arriola, Arrieta anaiak eta Ander-Arkaitz.
Dena aurrera eroateko, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko kideek Markina-Xemeingo Udalaren babesa eduki dute, eta baita beste hainbat establezimendu nahiz enpresarena ere: Mugarri, Opela, Xuri Burdindegia, Axpe Sagardotegia, Onagoitia Egurrak, Black Ball eta Eika.
Norgehiagoka. Txapelketa berezia da hastear dagoena, izan ere, jokalari ohiek soilik parte hartu dezakete: “Goxuan parte hartzen dutenetako inork ez dauka fitxa federaturik. Batek agian duela lau urte utzi zion jokatzeari, beste batek, duela hamabost, beste batek duela sei… Ia gehienak aritu dira pilotan, baina, gaur egun ez dute jokatzen”. Antolatzaileek “giro herrikoia” egotea lortu nahi dute, eta horregatik antolatzen dute jokalari ohientzako txapelketa: “Orain arte giro herrikoia egotea lortu dugu, eta aurtengoan ere, hala izatea espero dugu. Giro polita sortzen da, batez ere, bariku iluntzeetan. Denak direnez jokalari horiak, beti sortzen da lagunarteko norgehiagoka, eta baita gaur egun jokalariak zelan dabiltzan ikusteko jakin mina ere”.
Zazpi partida jokatuko dira asteon, eguenean [abenduak 12] hasi eta domekara [abenduak 15] bitarte. Hurrengoak izango dira partidak:
- Eguena, 19:45ean hasita.
- Arieta anaiak eta Anitua-Basterretxea.
- Amoto-Oier Urrutia eta Aritz Bustindui-Ezpeleta.
- Aldape-Aranburu eta Zugadi-Gorosabel.
- Barikua, 20:30ean hasita.
- Iñakito-Agarre eta Unai Uzuriaga-Xabat Uzuriaga.
- Zapatua, 18:00etan hasita.
- Varela-Unanue eta Perran anaiak.
- Anso-Legarra eta Onagoitia-Urizar.
- Domeka, 18:00etan hasita:
- Xabi Arteaga-Koldobika Puente eta Eneko Muñozguren-Kato.