Liburu Azokagaz ekingo diote Neguko Agendari
Barikutik [abenduak 13] domekara [abenduak 15] artean edukiko dute munitibartarrek liburu azoka; azken eguna, gainera, Txerokiak taldeak girotuko du.
Udazkenaren joanagaz eta neguaren ailegaeragaz, munitibartarrek urtarorik ilunena kultur jarduerez koloreztatuko dute. Neguko Agendak denetariko eta denentzako egitasmoak edukiko ditu, asteburu honetan hasita eta urtarrilaren amaiera bitartean. Herriko eragileek elkarlanean prestatu dute kultura, euskara, aisia eta herrigintza ezkontzen dituen egitarau oparoa: udalak, Lea Ibarra-Motrollo Pilota Elkarteak, Munitibarko Herri Ikastetxeak, Ezkur adinekoen elkarteak, Munitibarko Ezker Abertzaleak edota Txopitturri Gurasoen Elkarteak.
Agendaren lehendabiziko geltokia datorren barikutik [abenduak 13] domekara [abenduak 15] bitartean Liburutegian egingo dute liburu azoka izango da. Barikuan arratsaldeko ordutegia edukiko du literaturaren topagune horrek: 17:00ak eta 19:00rak artekoa. Zapatuan nahiz domekan, ostera, goizez zabalduko dute: 12:30etik 14:30era.
Domekan, gainera, bestelako egitasmoz girotuko dute liburuen azoka. Izan ere, batetik, gaztetxoenek Olentzeroren eta Mari Domingiren Munitibarko etxolara irteera egingo dute, Txopitturri guraso elkarteak prestaturik. Herriko plazan ipini dute hitzordua, 10:30ean. Toki berean baina 13:00etan, Bakioko Txerokiak taldearen emanaldia hasiko da. Euskal kantak oinarri dituen musika proiektua da, eta herriko taberna zein bazterrak alaitzeko ardura edukiko dute. Zer edo zer izatekotan, Munitibar herri literaturzalea da, besteren artean; Irakurketa Txokoak aspalditik elkartzen ditu herritarrak, liburuak bertatik bertara, auzolanean eta egileekin batera jorratzeko. Hori horrela, antolatzaileek herritarrei “bertaratzeko deialdia” luzatu diete.
Gabonetako Agenda.
Txopitturri guraso elkarteko lantaldeak, bestalde, Gabonetako Agenda izenekoa ere atondu du. Bertan dauden ekimenetako zenbait Neguko Agendan txertatuta egonik ere, beste batzuk espreski Gabonetakoan ageri dira. Hain zuzen, zapatu honetan [abenduak 14], ludoteka apainketara deitu dituzte herritarrak, 12:00etan; hilaren 28an, ostera, Ludotekak zinema saioa hartuko du, 17:30ean hasita.
NEGUKO AGENDA
Abenduak 13, barikua.
17:00-19:00. Liburu Azoka, liburutegian.
Abenduak 14, zapatua.
12:00. Ludoteka garbiketa, Txopitturri guraso elkarteak deituta
12:30-14:30. Liburu Azoka, liburutegian.
Abenduak 15, domeka.
10:00. Olentzeroren eta Mari Domingiren Munitibarko etxolara irteera, plazatik, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
12:30-14:30. Liburu Azoka, liburutegian.
13:00. Txerokiak taldearen emanaldia, plazan hasita.
Abenduak 20, barikua.
11:00. Eskolako gaztainerrea, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
19:00. Kitarra ikastaroko ikasleen emanaldia, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
Abenduak 21, zapatua.
Iluntzean. San Tomasak, talo jana jai giroan, Ezkur adinekoen elkarteak antolatuta.
Abenduak 22, domeka.
18:30. Mari Domingi, altxor sekretua antzezlana, auditorioan, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
Abenduak 24, martitzena.
18:30. Olentzero eta Mari Domingi, Gerrikaiztik jaitsiz, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
Abenduak 28, zapatua.
17:30. Zinema saioa, Txopitturri guraso elkarteak antolatuta.
Abenduak 31, martitzena.
09:45. Urteko azken mendi irteera, Oiz mendira, herriko plazatik irtenda.
11:00. Ibilbide laburra, Maskatik irtenda.
12:00. Kopaua, Oizko San Kristobal ermitan.
20:00. Euskal preso eta iheslarien aldeko herri brindisa, plazan, Munitibarko Ezker Abertzaleak antolatuta.
Urtarrilak 17, eguena.
19:00. Irakurketa Txokoa, liburutegian: Cayo Hueso lana, Oihane Amantegi egileagaz batera.
Urtarrilak 24-26.
San Bizente jaiak.