Mari eta Akerbeltz erraldoien miniaturak egin dituzte Mutrikun
Mutrikuarrek miniatura hauek eskuratzeko aukera izango dute, abenduaren 14tik [zapatua] aurrera.
Azken urteetan, Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien konpartsak herriko erraldoi diren Mari eta Akerbeltzen miniaturak egiteko nahia izan du, baina honek suposatu dezakeen kostua ikusita, “ezinezkoa” egin zaio konpartsari inbertsio ekonomikoa eurengan hartzea. Hori horrela, Mutrikuko Udalak 2023ko abenduan miniatura hauen kostua beregain hartzeko erabakia hartu zuen, eta 2024ko aurrekontuetan 12.000 euro bideratu zituen horretarako.
Urtebete geroago, onartutako aurrekontuarekin, bi erraldoien miniaturak egin dituzte, Ruben Plateroren eskutik: “Artista nafarrak diseinatu ditu eta erraldoi bakoitzetik 350 ale ekoitzi ditu”. Beraz, egindako inbertsioaren emaitza ikusteko aukera izango dute herritarrek, eta baita, miniaturak eskuratzekoa ere. “Herritarren miniatura hauek eskuratzeko aukera izango dute abenduaren 14tik aurrera Agerretxo zapata dendan. Salmenta hau nola egin Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin adostu du udalak”. Mutrikuko Udalak 18 euroren truk salduko dio konpartsari ale bakoitza, eta ondoren, konpartsak 20 eurotan salduko ditu herriko Agerretxo zapata dendan.
Mutrikuko Udalak adierazi duenez, erraldoien salmentekin lortutako dirua falta diren herriko bi erraldoien miniaturak egiteko erabiliko du: “Berreskuratutako dirua beste bi erraldoiak diren Urtzi eta Sorgiñaren miniaturak egiteko erabiliko du udalak hurrengo urtean”. Horrez gain, Mari eta Akerbeltzen aleak bukatzerakoan, konpartsaren erabakia izango da ale gehiago egin edo ez erabakitzea.