Emakume batek "duela urte asko" Azkue Natura Ikastolan jasandako erasoak salatu ditu
Sare sozialen bitartez salatu du erasoa. Azkue Natura Ikastolak "zilegitasun osoa" aitortu dio erasotuari: "Gure babesa eskaintzen diogu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu".
Hamaika dira azken hilabetean Instagram bidez salatu diren eraso matxistak. @denuncias_euskalherria kontua da horiei ahotsa ematen dabilen kontuetako bat, eta Lekeitioko eraso baten berri eman dute asteon: emakume batek “duela urte asko” Lekeitioko Azkue Natura Ikastolako irakasle batek egindako erasoak salatu ditu.
Azkue Natura Ikastolako kideek, erasorik onartzen ez dutela gogorarazteagaz batera, “zilegitasun osoa” aitortu diote erasotuari, eta euren babesa ere eskaini diete. Hala, ikastolaren esku dagoen guztia egiteko prest daudela adierazi dute: “Sare sozialetako plataformarekin harremanetan ipiniko gara, bere anonimotasuna errespetatuz, gure baliabide eta bitarteko guztiak prestutasun osoz eskaintzeko”.
Era berean, emakumeari, berak hala nahi izanez gero, ongizate emozionalerako zein beharrezkoak izan ahal diren prozeduretan laguntzeko baliabideak eskainiko dizkiete. Gaineratu dutenez, Ikastola aditu batekin harremanetan ipiniko da, “kasuan kasuko neurriak hartzeko”.
Egoera berean edo antzekoan egon daitezkeen emakumeei dei egin diete ikastolarekin harremanetan ipini eta jasandako erasoak salatzeko. Horretarako, bi bide zabaldu dituzte. Email bidez entzuteko@lekeitiokoikastola.eus helbidea ipini dute martxan, eta telefonoz, ostera, 94-684 09 59 telefonoa ahalbidetu dute.