Gazteen arteko harremanak sustatzeko helburuagaz, badator Akerbeltz Gaztetxearen XVI. urteurrena
Zapatuan [abenduak 14] egun osoko egitarauagaz ospatuko dute XVI. urteurrena. Gauez kontzertuak egongo dira: Aiama, Zilibito Records eta DJ Matri.
Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxearen XVI. urteurrena ospatzeko prest daude jada herriko gazteak. Egun osoko egitaraua antolatu dute denen artean, gustu eta gogo guztiak asetzeko asmoz.
Goizean goiz hasiko dute eguna, zelai errea txapelketagaz. Antolatzaileek adierazi dutenez, banaka apuntatzeko aukera eman nahi izan dute, helburu bat betetzeko asmoz: “Gazteen arteko harremanak sustatzeko aukera eman nahi dugu, beti kuadrillismo horretan jausi barik. Hemen ere, eskualdeko beste herri askotan bezala, sekulako kuadrillismoa dagoela nabaritzen dugu, eta horrekin apurtu nahi dugu. Ziurrenik frontoi txikian egingo dugu txapelketa”.
Txapelketan gose apur bat eginda, 14:30ean 40 lagun inguru elkartuko dira bazkaritarako, eta ostean, “betiko moduan”, jolasak egingo dituzte. 18:00ak jo orduko, aldiz, herriko kaleak hartuko dituzte, karro poteoagaz. Egunagaz amaitzeko, 22:30ean hiru kontzertu egongo dira gaztetxean: Aiama, Zilibito Records eta DJ Matri.
Gazteen saretzea. Aurtengo urteurrenaren antolaketa, gainera, desberdina izan da: “Gazte espazio falta dagoela sumatu dugu herrian, eta horren harira, gazteak saretzen eta antolatzen hastea nahi izan dugu”. Hori horrela, asanblada irekiak egiten hasi dira, eta XVI. urteurrena ere, asanblada ireki horren bitartez antolatu dute: “Herriko gazte kuadrila ezberdinek parte hartu dute antolaketan. Prozesu bat modukoa ari da izaten, parte hartzea sustatzeko eta herriko gazteon saretzea bultzatzeko helburuagaz. “.
Hala, Gazte Asanbladako kideak pozik daude aurtengo ikasturteak hartu duen norabideagaz: “Iaz ikasturte osoan zentralitatea eman genion XV. urteurrenari, eta horren harira antolatu genuen ikasturte osoa. Aurten, beste zentzu bat ematen gabiltza. Espazio falta horretatik abiatuta hasi gara asanblada irekiekin, herriko gazteei alternatiba bat eskaintzeko gaztetxean, eta oso emankorra ari da izaten“.