'Kalian gora, maria behera' proiektua aurkeztuko dute Ondarroan
Ondarroako Udalaren euskara sailak sortutako proiektua da 'Kalian gora, maria behera', eta datorren eguaztenean [abenduak 18] aurkeztuko dute, 18:30ean, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
Ondarroako Udalaren euskara sailak Kalian gora, maria behera proiektua osatu du, eta abenduaren 18an [eguaztena] egingo dute aurkezpen ekitaldia, 18:30ean Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Herriko idazleek osatutako literatur ibilbideen bitartez Ondarroa ezagutzeko proiektua da honakoa, idazleek euren lanetan oinarrituz sortutakoa. Lehen atal honetan, Kirmen Uribe eta Ana Urkiza idazleak izango dira protagonistak, baina asmoa, urtero ibilbideak gehitzen joatea da, herriko idazleen bitartez.
Bilbao-New York-Bilbao liburuan oinarritu da Uribe ibilbidea prestatzeko orduan, eta Urkiza, berriz, Ondarroako Piratak lanean. Biak ala biak aurkezpen ekitaldian egongo dira. “Ondarroa idazle handien habia izan da eta horiei guztiei lekua egin nahi zaie proiektu honetan, beraien kontakizunetatik herria erakusteko”, adierazi du Ondarroako Udalak. Besteak beste. Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Txomin Agirre, Augustin Zubikarai edo Jose Mari Etxaburu Kamiñazpi bezalako idazleei emango zaie lekua proiektuan.
“Ibilbide literario horien bitartez herriko leku eta txokoak ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek zein bisitariek”, aipatu du udalak. Gainera, ibilbideari hasiera emateko, zero gunea deiturikoan, panel nagusia egongo da, abiapuntu gisa, Kantoipe errebueltan, “guztira sei geldialdi egongo dira ibilbideko, eta bakoitzean panel berezi bana egongo da, txoko horri dagokion pasartea idazlearen hitzetatik entzuteko”. Panelak euskara hutsean egongo dira eta QR kode baten bidez, beste lau hizkuntzatan entzun ahalko dira pasarteak: gaztelaniaz, ingelesez, katalanez eta galizieraz.
Ondarroako Udalaren euskara sailetik herritarrei bertaratzeko deia egin die: “Euskara sailetik herriko literaturazale guztiak gonbidatu nahi ditugu eguazteneko aurkezpenera”.