Lekeitio 700 egitasmoak hiru ekintza dakartza abenduan
Zapatuan [abenduak 14] Lekeitioko tradiziozko kanten inguruko hitzaldi musikatua eta umeentzako esperimentazio espazioa egongo dira. Abenduaren 20an, aldiz, 'Izan Lekeitio 700' abestia eta bideoklipa estreinatuko dituzte.
Urtea amaitzeagaz batera, Lekeitioren 700. urteurrena ospatzeko egitasmoak hiru ekintza ekarriko ditu herrira; horietatik bi, zapatuan [abenduak 14] ospatuko dituzte.
Abesteko eta esperimentatzeko aukera egongo da zapatuan Lekeition. 12:00ak jo orduko, Lekeitioko tradiziozko kanten inguruko hitzaldi musikatuagaz gozatu ahalko dute herritarrek. Kultur etxeko Azkue aretoan elkartuko dira, eta Jabier Kaltzakorta hizlariaren eta Ibon RG musikariaren bitartez itsasoareki zerikusia zuten abesti lekeitiarrak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek: “Hogeigarren mende hasieran bildu ziren kantuetako asko hemeretzigarren mendean sortuak izan ziren. Kantu horietako batzuen berri emango da hitzaldian”.
Goizeko jardunaren ostean, umeen txanda izango da. 17:00etatik 20:00etara Arropaineko Arraguak jolasteko eta esperimentatzeko aukera emango die 2-6 urte bitarteko umeei, merkatu plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Lekeitioko ondare gune desberdinetan Kairòs-en triloia eroango dute aurrera, ]gorria / oria / urdina[, eta horietatik lehenengoa izango da zapatukoa: Kairòs ]gorria[.
Bideoklipa. 2024ko azken ekintzagaz batera, Lekeitiok 700 urte beteko dituen urteari hasiera emateko prest egongo dira lekeitiarrak. Abenduaren 20an Izan Lekeitio 700 abestiaren aurkezpena egiteagaz batera, herritarrekin grabatutako bideoklipa aurkeztuko dute. 19:00etan Ikusgarri Zinema Aretoan eskainiko dute lehenengoz bideoklipa.