Boxeo erakustaldia egin dute Amoroton
Boxeo, kickboxing eta K-1 kiroletako erakustaldia eskaini dute 22 kirolarik. Herritarrak nahiz inguruko herrietako zaleak bertaratu ziren kirolaz gozatzera.
Amorotoko frontoian giroa bero-beroa egon zen zapatuan [abenduak 14]. Markina-Xemeingo Elkar Sports gimnasioko kideek boxeo, kickboxing eta K-1 kiroletako erakustaldia eskaini zuten bertan. Ume nahiz nagusi, 22 kirolarik parte hartu zuten erakustaldian, dena “ondo” joan zela adierazi dute antolatzaileek: “Erakustaldiaren berri azken momentuan eman genuen arren, jendea etorri zen. Herritarrak eta inguruko herrietako jendea etorri zen ikustera. Ondo joan zen ekitaldi guztia”.
Helburua, hain zuzen ere, kirol desberdinak herrian erakustea izan zen, eta helburua beteta amaitu zuten zapatuko ekitaldia: “Lea-Artibain inoiz ez dugu halakorik egin. Gure helburua herritarrei eta ingurukoei kirol hauen berri ematea izan da, kirol aukera ezberdinak ezagutzeko. Bertaratu zirenak gustora egon ziren ekitaldia ikusten”.