Gabonetako kontsumoaren inguruan hausnartu dute Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleek
Ikastolan Gabonetako kontsumoaren inguruan hausnartu ostean, herrira atera dira ikasitakoa herritarrei erakusteko helburuagaz.
Gabonak heltzear dauden honetan neurriz kanpoko kontsumoa handitzen da hilabetea hauetan. Opariak, janaria, argiak… oro har, kontsumo mailak eztanda egiten du abenduan eta urtarrilean. Honen harira, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek, Gabonetako kontsumoaren inguruko lanketa eraman dute aurrera azken asteetan.
“Batzuentzako gozamen garaia da, eta beste zenbaitentzat, buruhauste. Nola jokatzen dugu Gabon sasoian? Zein dira gure jokabideak eta horien ondorioak? Ez ote dira gehiegizkoak egiten ditugun erosketak?”, honen guztiaren inguruan hausnartu eta beraien ekarpena egin nahi izan dute. “Horretarako, posterrak egin ditugu. Bertan, kontsumoaren inguruko hausnarketak batu ditugu, eta herritarrak gai honen inguruan hausnartzera bultzatu eta gogoeta bat egitera gonbidatzea izan da gure helburua”. Herritarrengana iristeko, herriko txoko desberdinetan zehar ikasgelan egindako posterrak itsatsi dituzte.
“Gustatu eta gastatu, lurra kutsatu”, bezalako leloekin atera dira kalera ikasleak, eta kontsumo ez arduratsuak izan ditzaken ondorioak ere mahaigaineratu dituzte, bertsoen bidez: “Dena eskura dugu/ milaka opari/ Gu gehiegi erosten/ ez al gara ari/ Neurri ezak sortzen du/ kutsadura hori/ lekua jaten dio, behar dugunari”. Horrez gain, ingurumena erdigunean jarrita, arduratsuak izan eta amalurra zaintzeko deia egin die herritarrei. Horrez gain, praktikara eramateko zenbait aholku ere jaso dituzte egindako posterretan: “Jango duzuen janaria erosi, eta afarian sobratzen den janaria hurrengo egunerako utzi. Pilak eta bateria gutxiago erabili, eta zuhaitzeko argiak ez utzi beti biztuta”.
Hausnarketarako bidea irekita, Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleek Gabonak ondo pasatzeko deia egin die herritarrei: “Errespetuz eta arduraz igaro aurtengo Gabonak! Gabon zoriontsuak izan eta urte berri on!”.